Ibaeta Basketek nagusitasunez egin du aurrera Europako Kopan
Donostiako saskibaloi taldeak Charnay gainditu du Gaskan (73-66), eta final zortzirenetarako sailkatu dira.
Europan eroso eta fin dabil Ibaeta Basket. Partidarik galdu gabe jarraitzen dute, eta dagoeneko Europako Kopako final zortzirenetara iritsi dira. Horretarako, Frantziako Charnay mendean hartu behar izan du bi partidatara jokaturiko kanporaketan. Atzo izan zen itzulerakoa Gaska kiroldegian, eta donostiarrek maila paregabea emanda irabazi zuten (73-66).
Azalpenik ez duen arren, Europan beste talde bat da Ibaeta Basket. Ligako gabeziekin arduratuta dauden arren, joko maila apartarekin dabiltza Europako Kopan. Atzokoan, kontrolpean izan zuten Charnayren kontrako norgehiagoka. Markagailuan parez pare ibili ziren tarte batzuetan, baina, orokorrean, Donostiako taldeak eskura izan zuen final zortzirenetako txartela.
Jokalariei dagokienez, Delicia Washington taldearentzat zein garrantzitsua den geratu zen agerian. 23 puntu egin zituen estatubatuarrak. Alba Prieto (11 puntu), Roso Buch (9 puntu) eta Lara Gonzalez (9 puntu) ere erabakigarriak izan ziren.