'Marco' eta 'Mamantula' filmak eta Alberto Iglesias, Goya saria lortzeko hautagaien artean
Espainiako Zinema Akademiak 39. Goya sarien hautagaien berri eman du, eta Donostiak presentzia nabarmena izango du. Batez ere, hirian filmatu zen La infiltrada pelikulak hamahiru izendapen jaso dituelako. Arantxa Etxeberriak zuzenduriko lanak ETAn infiltratuta egon zen Polizia Nazionaleko agente baten istorioa kontatzen du.
Moriarti ekoiztetxearen Marco filmak, berriz, bost izendapen jaso ditu. Horien artean, zuzendari onenaren saria eskuratzeko hautagaiak dira Jon Garaño donostiarra eta Aitor Arregi. Bestalde, Donostiako Kowalski Films ekoiztetxearen Soy Nevenka laneko Urko Olazabal protagonistak, aktore onenaren saria irabaz dezake. Fikziozko film labur onenaren kategorian, berriz, Ion de Sosa zinemagile donostiarraren Mamántula lana izendatu dute.
Musika onenaren saria eskuratzeko kategorian, Alberto Iglesias konposatzaile donostiarra ageri da, beste behin ere. The Room Next Door filmarentzat egindako soinu bandarengatik izendatu dute.
Goya sarien ekitaldia datorren urteko otsailaren 8an izango da.