Bollotomas jaia, Donostiako Asanblada TransBolloMarikaren eskutik
San Tomas eguneko ohitura eta janzkera tradizionaletik aldendu, eta Bollotomas jaia antolatu du Donostiako Asanblada TransBolloMarikak. Horretarako, drag kasherito itxura hartu dute, baserritarren ohiko jantziei osagarri koloretsuak eta distiratsuak gehituz, Donostiako Emakumeen Etxean egin duten prestaketan. Gainera, askotariko makillajea ere erabili dute, eta badira buruko ilea moztu eta bizar gisa erabiltzera animatu diren hainbat lagun ere.
13:00ean koro poteoa abiatu dute Emakumeen Etxetik, eta ondoren, emanaldia eskaini dute Egiako Blas de Otero plazan. Arratsaldean, 18:00etan, bertso trama egingo dute Garraxi tabernan, eta Oihana Arana, Miren Artetxe, Maddi Aiestaran eta Ibai Lekuona arituko dira bertsotan. Gaiak Danele Sarriugartek eta Maider Arregik jarriko dizkiete. Iluntzean, saltsa-bachata saioa egingo dute Marruman, 20:30ean, eta ondoren, bertan jarraituko du jaiak.