Udalak onarpena eman dio Agustindarren eraikin zaharraren plan bereziari
Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro jarriko ditu Martuteneko lursail horretan gazteentzako eta adinekoentzako etxebizitzak eraikitzeko.

Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio Campos Eliseos Sur eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari, alegia, Martuteneko Agustindarren ikastetxe zaharraren lursaileko lehen eraldaketa faseari.
Eusko Jaurlaritzaren asmoa da Martuteneko Agustindarren ikastetxe zaharraren lursaila bi zatitan banatzea. 1995eko hiri antolamendurako plan orokorraren arabera, eremu horretan ekipamendu komunitario bat —zutik dagoen eraikinean—, eta gazte zein adinekoentzako etxebizitzak egitea dago aurreikusita.
Ekipamendu hori egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako heziketa zentro bat izango da, eta Ortzadar fundazioak kudeatuko du. Handik gertu, egun kirol instalazioak dauden tokian, gazteentzako eta adinekoentzako 100 apartamentu izango dituen eraikina jartzea aurreikusten du Jaurlaritzak. Horrela jasotzen du 23.048 metroko koadroko azalera duen lursail horren plan bereziak. Denis Itxaso Etxebizitza sailburu sozialistak aurreratu duenez, 10 milioi euroko inbertsioa egingo dute.