Mirakruzen bidegorria egiteko sinadura bilketa abiatu du Kalapiek
Kalapiek sinadura bilketa abiarazi du Groseko Mirakruz kalean bidegorri bat eraiki dezaten eskatzeko: “Donostiako bizikletaren erabiltzaileok lotura zuzena eta segurua behar dugu hiriaren ekialdearen eta Donostiaren gainerakoaren artean”.
Txirrindularien elkarteak adierazi duenez, gaur egun, bizikleta trazadurak Gros auzoan “itzulinguru handi bat” egitera “behartzen” ditu txirrindulariak, “egoera deseroso eta ez oso seguruen eraginpean”. Hala nola, oinezkoentzako guneetatik ibiltzea, Ategorrietako galtzada zaharreko bidegorri estu eta zaharkitua erabiltzea eta
Ategorrietako bidegurutze “zailari” aurre egitea, “elkargune arriskutsuz gainezka”.
Elkartearen ustez, Mirakruz kaletik doan bidegorri batek arazo horiek konponduko lituzke, “gure hirian mugikortasun erosoagoa, zuzenagoa eta iraunkorragoa sustatuz”. Proiektu honek bizikletaren erabiltzaileei ez ezik, “Donostia osoari” ere mesede egingo liokeela uste dute, “trafikoa murriztu, kaleetako bizikidetza hobetu eta garraiobide iraunkorrak sustatuz”.
Urtarrilaren 17ra arte izango da sinatzeko aukera, esteka honetan. Elkarteak, gainera, plano posible bat diseinatu du eta udalean aurkeztu duela jakinarazi du.
Eztabaidari lotuta, RACVN elkarte autozaleak aprobetxatu du bizikleta gidariek dituzten jokabide okerrak salatzeko, eta bideo bat argitaratu du Maria Kristina zubian hainbat bizikleta gidarik gorriz zeharkatzen dutela erakutsiz. Kalapiek erantzun egin dio RACVNi, eta adierazi du bidegurutze horretan izandako istripu guztiak moto, auto eta autobusek eragin dituztela, eta ez bizikletek.