Udalaren erronkak 2025erako: etxebizitza eskaintza handitu, topoaren obrak amaitu eta kirol instalazioak berritu
Eneko Goia: "2025 urte erabakigarria izango da Donostiaren etorkizuna definituko duten proiektuak gauzatzeko".
Donostiako alkate Eneko Goiak gaur aurkeztu du 2025ean hiriaren norabidea markatuko duten proiektu eta erronken egitasmoa, une honek Donostiako historian duen garrantzia azpimarratuz. “Gure hirirako une erabakigarrian gaude. 2025. urtea gure etorkizuna definituko duten erronkaz eta aukeraz beteta egongo da. Gaur zuekin konpartitzen ditut Donostia modernoagoa, iraunkorragoa eta sozialki kohesionatuagoa eraikitzeko elkarrekin izango ditugun lehentasunezko proiektuak eta erronkak “, adierazi du Goiak.
Etxebizitza da, alkatearen ustez, donostiarren kezka nagusietako bat, eta gazteek euren bizi proiektuak hirian ezin garatu ahal izatea “oso larria” dela uste du. Honela, arazoari aurre egiteko “bide bakarra” eskaintza handitzea dela iritzi du Goiak eta, norabide horretan, 2025ean martxan jarriko diren garapenak aipatu ditu: Txomiñenea II —Martuteneko kartzela lekualdatzean—, Infernua eta Illarrako obrak. Argitu duenez, kartzela lekualdatzen denean, lurraren jabetza lekualdatzeko asmoz, negoziatzen ari da Espainiako Gobernuarekin udala.
Bestetik, xehetasunik eman ez duen arren, Loiolako Kuartelen afera ekarri du gogora, esanez oraindik ez dagoela ebatzita ea nola egin ahal izango den proiektua: “Olentzerok ez du ekarri, espero dezagun Errege Magoek ekartzea, Espainiako Gobernua izanik, zentzu gehiago du”, txantxa egin du alkateak.
Garraioari dagokionean, topoaren obrak aipatu ditu. Proiektua martxa onean doala azaldu du Goiak, eta 2025eko amaierarako aurreikusten dela amaiera. “Zuhurtziaz” jokatuz, 2026 hasiera aipatu du alkateak, “hiraren konektibitatea eraldatuko” duen proiektu gisa definituz. Mugikortasunaren inguruan, hirian egiten ari diren obra guztiak aipatu ditu, eta sortzen ari diren “eragozpen” guztiak aintzat hartu ditu, baina espero du “hoberako” izatea.
Osasuna, kirola eta zientzia
Osasungintzari dagokionean, Ospitalean inbertsio handiak egiten ari direla ziurtatu du Goiak, eta protoi-terapia eraikinaz gain, kanpo kontsultetako eraikin berria egiten hasiko direla azaldu du. Bukaerako emaitza “bikaina” izango dela ziurtatu du, baina bitartetan dauden obren “eragozpenak” aipatu ditu, batez ere aparkalekuaren arazoarekin.
Gizarte zerbitzuetan, 2025ean, Egiako Villa Salia eraikina irekiko dela ziurtatu du, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako eguneko zentroa.
Kirolari dagokionean, Anoetako kirol hiriaren aldeko “apustua” nabarmendu du: Belodromoko konpontze lanak jada hasi dira, eta miniestadioarenak laster abiatuko dira. Horretaz gain, lanean da udala Illunbeko proiektua definitzeko: akordioa itxi behar da Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin, finantziazioaren ikuspuntutik, batez ere. Kirol ekitaldiez gain, bestelako kongresuen eta musika kontzertuetarako erreferentziazko gune bihurtu nahi du Illunbe udalak.
Azkenik, ezagutzaren ekonomiaren atalean, zientzia eta ezagutzaren hiria aipatu ditu, azken urteetan “izugarrizko aurrerapausoak” egin dituenak: “Proiektu oso garrantzitsuak jarri dira martxan”. Datorren urtean ordenagailu kuantikoa iritsiko da Donostiara, BCCren GOe proiektua errealitatea izango da, baita Miramongo parke teknologikoaren handitzea ere.
Bestelako erronkak
Auzoetan egingo diren lanen inguruan, honakoak aipatu ditu alkateak: Bidebietako parkea berritzea, Boulevarden eta Kursaalen arteko bidegorri berria, Loiolako Kultur Etxeko irisgarritasuna hobetzea, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren Egiako polizia etxe baterako proiektua idaztea, Haizearen Orrazia enblematikoa osorik birgaitzea. Gainera, tasa turistikoa onartzea espero zuen, Udalari kudeaketa turistikorako baliabide gehiago emateko.
Azkenik, Eneko Goiak azpimarratu zuen Donostia etorkizunerako oinarriak ezartzen ari dela: “Datozen urteetan ikusiko dugun hiriak garraio publiko gehiago, garbiagoa eta iraunkorragoa izango du, etxebizitza irisgarrien eraikuntzari funtsezko bultzada emango dio, zientziaren eta ezagutzaren hiri gisa duen apustua indartuko du kalitatezko enplegua sortuko duten proiektu traktoreekin, eta Anoetako kirol-instalazioak berrituko ditu”, adierazi du alkateak.
“2030eko Donostia eta haratago doan hiria eraikitzen ari gara. Hurrengo belaunaldiei hiri modernoagoa, iraunkorragoa eta aukeraz betea utzi nahi diegu. Bost urteren buruan, Munduko Futbol Txapelketaren azken fasearen egoitza izango gara, eta erronka horrek hiri global gisa dugun gaitasuna frogatuko du”, gaineratu du.