Bizilagunekinen oihua munduko futbol kopa Donostian jokatzearen aurka: «Ez dugu gure aurkako golik ospatuko!»
Bizilagunekin plataformak gogor kritikatu du Donostia 2030eko munduko futbol txapelketaren egoitzetako bat izatea, Marokok, Portugalek eta Espainiak antolatuko duten edizioan. “Hiria munduko mapan kokatzea” eta “lehen mailako kirol ikuskizuna herritarrei hurbiltzea” bezalako “diskurtso hutsalez” estali arren, industria turistikoaren ikuspegitik, kirol makro ekitaldiak negoziorako aukera erraldoiak dira plataformaren arabera.
Donostiako “turistifikazioa areagotuko duen beste dispositibo” baten aurrean gaudela adierazi du plataformak: “Eta aurreikusi dezakegu donostiarron gehiengoari ondorio lazgarriak ekarriko dizkigula makro-ekitaldi hau erakarri izanak: etxebizitza larrialdiaren okerragotzea, turismo jardueraren hazkundea, hiri-espazioaren merkantilizazioa, garraio-azpiegitura jasangaitzen garapena eta herritarren bizimodua baldintzatuko dute neurri sekurokratak”.
Azaldu dutenez, Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFAk) Maroko, Portugal eta Espainiaren hautagaitza aztertuz, 2024ko azaroan argitaratutako txostenean aipatu zuen Donostian dagoen ostatu plaza kopurua “ez dela nahikoa izango” Munduko Futbol Txapelketak erakartzea aurreikusten den bisitari kopuruari ostatu emateko: “Donostiako hotel, ostatu, hostal eta abarrek gainezka egingo dutela kalkulatzen dute antolatzaileek”. Horren konponbide edo lasaigarri bezala aipatzen zuten Biarritz edo Baiona gertu daudela Donostiaren gainezkatzea sostengatzeko eta, gainera, Airbnb bezalako baliabideak kontuan hartu behar direla hiriko gaitasuna ulertzeko.
Donostia “desazkunde turistikorantz bideratzea” eta “hiri eredua herritarron beharrak erdigunean” jartzea da Bizilagunekinek proposatzen duena: “Turistifikazioak donostiarron bizitzetara dakarren prekarizazioaren aurka antolatzeko eta borrokatzeko deia egiten dugu. Ez dugu gure aurkako golik ospatuko”.