Ehungintzako langileak kalera aterako dira berriz
Gipuzkoako arropa eta zapata dendetako langileek, ELA sindikatuaren babesarekin, planto egingo dute berriz ere, Arte patronalak —Inditex, H&M, Mango, Tendam Retail, Kiabi eta Primark daude barruan, besteak beste— bultzatutako ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzaren estatuko hitzarmen berriaren negoziazioaren aurka.
Zehazki, asteartean egingo dute hurrengo greba eguna, hilaren 7an, beherapenen hasierarekin bat eginez. Egun horretan, Garbera merkataritza gunean egingo dute elkarretaratzea. Hala ere, aurretik, larunbat honetan (hilak 4), San Martin merkatuan mobilizatuko dira, 11:30ean. Hainbat dira sektore horretako langileek orain arte egindako greba egunak; azkenak, abenduaren 23an eta 24an.
Hitzarmen probintzialak
Espainiako Estatu osoko hitzarmen bat aplikatu nahi die patronalak langileei, ELAren arabera Hego Euskal Herriko hitzarmen probintzialak baino okerragoa dena. Horregatik ari dira greba egunak egiten eta kalera ateratzen, lurralde bakoitzeko hitzarmenak aplikatzen jarraitu dezatela eskatzeko.
Izan ere, ELAk gatazka bereko beste mobilizazio batzuen harira azaldu izan duenez, patronalak aplikatu nahi duen hitzarmenarekin, arriskuan daude orain arte Hego Euskal Herrian lorturiko lan baldintzak eta hitzarmen probintzialen negoziazioak. Besteak beste, sindikatuak salatu izan duenez, soldatak izoztea eta saltokiak igandeetan, jaiegunetan eta udako larunbatetako arratsaldeetan ireki behar izatea ekar dezake estatuko hitzarmen horrek.