Ekialdeko hogei elkartek HAPOaren aurrerakina «baztertzeko» eskatu dute, 500 sinaduratik gora bilduta
Donostiako HAPO berriaren aurrerakinaren aurrean, iradokizun bateratua aurkeztu dute ekialdeko auzoetako hogei elkartek. Horrez gain, Altza XXI Herri Ekimenak hiru iradokizun zehatz aurkeztu ditu.
Urrian aurkeztu zuen Donostiako Udalak hiri antolamenduko plan orokor (HAPO) berriaren aurrerakina, eta abenduaren 31n bukatu zuten horren esposizio publikoaren fasea. Epeak “oso laburrak” izan direla salatu dute Altza XXI Herri Ekimeneko kideek, baina, hala ere, Gabonetan aurrerakinari iradokizunak aurkezteko lanean ibili dira eragile horretako eta ekialdeko auzoetako beste hemeretzi eragiletako kideak.
Hain zuzen ere, pasa den abenduaren 15ean Harria parkean aurrerakinaren aurkako elkarretaratzea egin zuten hogei elkarteek (Altzakoak, Bidebietakoak eta Intxaurrondokoak) iradokizun bateratua aurkeztu dute, baita iradokizun hori babesten duten 500 sinaduratik gora aurkeztu ere; oraindik sinatu daiteke, hemen. Hogei elkarteak hauek dira: Altzako Historia Mintegia, Altza XXI Herri Ekimena, Altza Elkartasuna, Herrerako Herripe auzo elkartea, Osteguna elkartea, Oleta auzo elkartea, Buenavistako auzo elkartea, Lodabe auzo elkartea, Gure Bidea elkartea, Altzania elkartea, Bizarrain euskara elkartea, Ostadar elkartea, Showtime dantza taldea, Elkarte Berri, Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkartea, Bidebietako Bideak auzo elkartea, Intxaurdi elkartea, IZBE auzo elkartea, Marruelkar elkartea eta Plazandreok.
Elkarteek iradokizunean eskatu dute Ekialdeko Barruti osorako sei helburuak eta irizpide onartzeko
Iradokizunean, alde batetik, udalak aurkezturiko aurrerakina “baztertzeko” eskatu dute, “hiri eredu trinkoaren printzipioaren, hirigintza inklusiboaren, gizarte kohesioaren eta garapen iraunkorraren aurka egiten duelako eta etxebizitza berriak eraikitzea baino beste helbururik ez izateagatik”. Hain zuzen ere, gogoratu behar da aurrerakinak aurreikusten duela hurrengo hamabost bat urteetan 5.000 etxebizitzatik gora eraikitzea ekialdean —hiri osoan aurreikusitakoen ia erdia—, gehienak Altzako Auditz Akular berdegunean (3.000 inguru).
Bestetik, elkarteek iradokizunean eskatu dute Ekialdeko Barruti osorako sei helburuak eta irizpide onartzeko: landa eremuko lurzoru gehiago ez okupatzeko eta, beraz, Antondegirekin eta Zubietako eremu batzuekin egin duten moduan, Auditz Akular desklasifikatzeko; auzoak berriz “dentsifikatzeari” ez ekiteko, iraganean eraikigarritasun parametro ugari urratu zirelako; etxebizitza berrien eraikuntza harrera gaitasuna duten eremuetan eta eskarian oinarrituta aurreikustea, ez eskaintzan; etxebizitza babestuak hirian zehar banatuta aurreikustea; gutxi erabiltzen diren eta zaharkituta dauden eraikinak etxebizitza babestuak garatzeko berrerabiltzea lehenestea eta ekialdeko auzoetarako hiri biziberritze plan bat garatzea, dagokion parte hartze prozesuarekin.
Beste hiru iradokizun
Iradokizun bateratuaz gain, Altza XXIk beste hiru iradokizun aurkeztu ditu, bere kabuz —hurrengo asteetan eta hilabeteetan emango dituzte bakoitzaren inguruko xehetasun gehiago—. Lehenik, Erroteta Azpikoa eremuari buruzko bat aurkeztu dute. Izan ere, aurrerakinak planteatzen du hamabost etxebizitzako eraikin bat botatzea eta bertako aparkalekuaren eremua okupatuz 60 etxebizitza eraikitzea. Horrek, Altza XXIkoen aburuz, ez die altzatarren beharrei erantzuten, eta, horregatik, planteamendu hori baztertzeko eskatu dute.
Bigarrenik, Auditz Akular eremuari buruzko iradokizun bat aurkeztu dute. Horretarako, eremuaren balio ekosozialen inguruko ikerketa bat garatzen ari dira aditu baten laguntzaz, eta ikerketa horren lehenengo ondorioak txertatu dituzte iradokizunean. Altza XXIk Odon Elorza alkate zen garaitik darama Auditz Akularren eraikitzearen aurka borrokatzen eta eremuan parke bat garatzeko aldarrikatzen.
Hirugarrenik, Altzaren egoera orokorraren inguruko iradokizun bat aurkeztu dute, auzoaren errepaso historiko bat eginez, hirigintza ikuspegitik, bereziki. Era berean, Altzan hamarkada luzez garatutako hirigintza ereduak auzoko errealitate soziologikoan, linguistikoan eta ekonomikoan izandako eragina aztertu dute, besteak beste. Horrekin, Altzak bestelako hirigintza eredu bat behar duela aldarrikatu dute.
Hurrengo faseak
Aurrerakinaren esposizio publikoarena HAPO berria onartu arteko hirugarren fasea zen, baina beste lau fase falta dira oraindik: aurrerakinaren hasierako onarpena, hasierako onarpen hori jendaurrean aurkeztea, behin-behineko onarpena eta behin betiko onarpena. Fase bakoitzaren epeak oraindik ez daude zehaztuta, baina aurreikusi daiteke luze joko duela gaiak.