Errege Magoak heldu dira Donostiara
Errege Magoek gaur gauean banatuko dituzte opariak etxez etxe, baina dagoeneko heldu dira Donostiara, eta ez dira gutxi izan ekialdeko maiestateak agurtzeko aukera aprobetxatu duten donostiarrak. Iaz, Igeldoko funikularretik heldu ziren hirira, baina, aurten, Parte Zaharreko Plaza Berrian egin dute lehenengo agurra.
Goizeko hamarretarako, haur eta guraso andana zeuden bilduta Parte Zaharreko Plaza Berrian, euren eskutitzak eskuan, Meltxor, Gaspar eta Baltasar udaletxe zaharreko balkoira ateratzeko zain. Hain zuzen ere, Joselontxos txarangak girotuta, 10:30ean atera dira balkoira, plazan bildutako guztiak agurtzera, haurren pozerako.
Jaitsi direnean, erregeak zein euren laguntzaileak haurren eskutitzak jasotzen aritu dira, baita gozokiak banatzen aritu ere. Jarraian, autoan muntatu dira, eta Parte Zaharretik ibilbide labur bat egin ostean, Alderdi Ederretik atera dira, hiriko gainontzeko auzoak bisitatzeko goizean zehar. 15:30etik 17:10era, haurren eskutitzak jasoko dituzte udaletxean, eta kabalkada abiatuko dute 18:00etan Bulebarretik; ibilbide guztia hemen kontsultatu dezakezue.