Añorgako Geltokia urbanizatzeko jarduketa programari behin betiko onarpena eman dio udalak
Donostiako Udalak behin betiko onarpena eman dio Añorgako Geltokia azpieremua urbanizatzeko jarduketa programari. Programa horren jarduketa integratuko eremua 31.164 metro koadrokoa da, eta Añorga hiribideko lursail batzuk atxikitzen zaizkie, bertan aurreikusitako urbanizazio obrak egiteko.
Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, Añorgako Geltokia azpieremuan aurtengo bigarren sei hilekoan hastea aurreikusita dauden lanak garatzeko azken izapideetako bat da, 248 etxebizitza unitate inguru eraikitzeko bidea emanez. Horietatik 46 babes sozialeko etxebizitzak izango dira, 46 etxebizitza babestu tasatuak eta 156 etxebizitza libreak, ingurunerako beste hobekuntza batzuez gain.
Urbanizazio aurreproiektuak 7.211.243 euroko aurrekontua aurreikusten du Añorga Txikiko hirigunean integratutako bizitegi garapen berria egiteko, eremuaren zuzkidurak birkualifikatzeko ekipamendu berriak antolatuz, plaza eta igogailu berri batekin. Horrez gain, Añorgako errekastoa aire zabalean irekiko dute gaur egun lurperatuta dagoen zatian, eta Euskotrenen geltokia Añorga Txikira hurbilduko dute.