Arartekoaren ustez, Martuteneko Agustindarren eraikineko operazioa barruan zeudenak identifikatzeko egin zuten
Iazko martxoaren 14an, polizia operazio handi bat izan zen Martuteneko Agustindarren eraikin okupatuan, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eskutik: 56 lagun atera zituzten eraikinetik eta 29 Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten, identifikatzera. Bada, Arartekoak, ostegun honetan argitaratutako ebazpenean, ondorioztatu du “eraikin horretan bizi ziren lagunak identifikatzeko asmoz” egin zuela Poliziak esku hartze: “Beste neurri batzuetatik bereizita, ez da mesedegarria etxegabetasunaren arazoari osoko erantzuna emateko”.
Martxoko gertakarien aurrean, herriaren defendatzaileak jarduera bat hasi zuen ofizioz, eta “Donostiako Udalari argibide gehiago eskatu zizkion hedabideetan zabaldu zen berri honen gainean”. “Udalak emandako informazioaren arabera, jarduera haren helburua ez zen inor irtenaraztea, baizik eta eraikinean zeuden lagunak identifikatzea”, gaineratu dute.
Arartekoaren ustez, halako jarduerek ez diote behar bezala erantzuten etxerik gabeko pertsonen problematikari: “Egoitza bazterketa larriko egoeran dauden pertsonez egiten ari diren zenbaketek eta azterlanek erakusten dutenez, 2012tik etengabe gehitzen ari da Euskadin etxerik gabe bizi diren pertsonen kopurua, zehazki, Donostian. Beraz, badirudi jarduera isolatu horrek ez diola erantzuten aldez aurretik adostutako plan bati, non kontuan hartzen diren etxegabetasunaren arazoaren dimentsio anitzak. Horregatik, azpimarratu du udalerri horretarako osoko plan bat behar dela, eta koordinazio handiagoa —barnekoa nahiz kanpokoa— administrazioen eta inplikatutako eragileen artean”.
Auzo elkartea, irtenbide bila
Agustindarren eraikineko egoera ez da berria, izan ere, urteak daramatza erabilerarik gabe eta kale egoeran dauden pertsonek okupatuta. Era berean, sarritan, bizikidetza arazoak sortu dira auzoan, eta eraikinetik pasatu diren pertsona guztiak kriminalizatu eta jarri dira jomugan, hainbat sektoretatik.
Auzo elkarteak, aldiz, urteak daramatza irtenbide integralak eskatzen: “Martuteneko bizilagunek hamar urte baino gehiago daramate konponbideak eskatzen. Ekuazio horretan, errudun bakartzat hartzen baditugu ‘okupak’ eta eskaera bakarra bada ‘segurtasun gehiago’, guk uste dugu akatsa dela, horrek gorrotoa sortzen baitu, eta Martutenek daukan arazoa ez da konponduko soilik atxiloketak eta sarekada polizialak egiten”.