Bera Berak garaipen on batekin hasi du urtea
Bera Bera eskubaloi taldeak 2025. urte hasiera estua izango du. Otsailaren 23ra bitarte, ligako zazpi neurketa eta Europa Ligako multzoen faseko sei partida jokatu beharko dituzte. Zerrenda luzeko lehena atzo izan zen, Gaska kiroldegian. Ligako norgehiagoka jokatu zuten Granollersen aurka, eta ondo jokatuta irabazi zuten (31-29).
Bi taldeak parez pare aritu ziren, nahiz eta donostiarrak markagailuan aurretik egon ia neurketa osoan zehar. Atsedenaldira 13-11 iritsi ziren, bi goleko errentarekin, eta, ordutik aurrera, distantzia hori mantendu eta egonkortu zuten. Etxeberria eta Karsten izan ziren Bera Berako golegile nagusiak; seina gol egin zituzten.
Esan moduan, atsedenik ez da eskubaloi taldearentzat, eta Europa Ligako multzoen faseko lehen partida jokatuko dute Paris 92 taldearen kontra larunbatean, hilaren 11n, Gaska kiroldegian (18:00).