«Donostian antolatzen den edozein mobilizazio faxista erantzuteko antolatzen jarraituko dugu»
Duela gutxi sortu da Donostia Antifaxista plataforma, hiriko hainbat eragile elkartuta, "diskurtso faxista eta arrazisten gorakadari aurre egiteko". Gorakada horren inguruan hausnartu eta antolatzen jarraitzeko, Egun Antifaxista antolatu dute iganderako (hilak 12), Egiako Plazan Haundin. Ximon Aranburu (Añorga, 1997) eta Tomas Suarez (Morlans, 1997) kideek egunaren zein plataformaren inguruko xehetasunak eman dituzte.
Zer da Donostia Antifaxista plataforma sortu berria?
Tomas Suarez (T.S.): Hainbat eragile batu gara Donostia Antifaxistan, azkenaldian hirian eman den faxismoaren eta arrazakeriaren gorakadari aurre egiteko. Lo Que No Te Cuentan De Donosti taldea [LQNTCDD] da horren erakusgarri: hasieran, Donostiako edozein tontakeri partekatzen zuten sare sozialetan, baina, gero, delinkuentzian eta kale egoeran dagoen jendean eta bereziki migratzaileetan zentratzen hasi ziren, diskurtso arrazista batetik eta modu sistematikoan.
Ximon Aranburu (X.A.): Gorakada horren aurrean, hiriko hainbat eragile biltzen hasi ginen, abuztuan Alderdi Ederren egin genuen agerraldi jendetsua antolatzeko. Bertan, salatu genuen difusio kanal batzuetatik gorroto diskurtsoak zabaltzen ari zirela, momentuz gutxiengoa diren taldexka faxista antolatuen kale presentzia indartzen ari zela —pegatinak, kartelak, margoketak…— eta kale egoeran eta muturreko pobrezian dauden migratzaile proletarioak utzikeria instituzionala pairatzen ari zirela. Era berean, kale egoeran dauden migratzaileak jipoitzeko brigadak sortzen ari zirela ohartarazi genuen, baita salatu ere indar polizialek inpunitatea dutela kale egoeran dauden migratzaileak jipoitzeko.
Agerraldi hori izan zen hasiera guretzat, ondoren LQNTCDDren booma etorri zen, Kaleko Afari Solidarioak taldeari ezarritako debekuaren kontrako manifestazioa, Easo plazako LQNTCDDren deialdien aurkako deialdiak, La Sirena irekitzearen aldeko kanpaina —elkarretaratzeak antolatzeari utzi zion talde horrek horren harira— eta, orain, Egun Antifaxista antolatu dugu.
Zer antolatu duzue zehazki Egun Antifaxisterako? Zer helbururekin?
X.A.: Donostiako diskurtso arrazista eta faxisten gorakadaren fenomenoa aztertu nahi dugu egun horren bidez, norbanako eta eragile antifaxisten artean analisiak elkarbanatuz eta erronkak zeintzuk izan beharko liratekeen mahaigaineratuz. Era berean, Egun Antifaxista gorakada erreakzionario horrekin kezkatuta dauden donostiarrentzat bilgune eta sozializaziorako espazio bat izatea nahi dugu.
Horrela, alde batetik, Faxismoaren gorakada eta honi aurre egiteko erronka mahai ingurua antolatu dugu, eta gai hauek ukituko ditugu bertan: segurtasunaren diskurtsoaren atzean zer ezkutatzen den, zeintzuk diren diskurtso atzerakoi hauek zentzu komunean txertatzearen arrazoiak, zer ezaugarri dituen XXI. mendeko faxismo eraberritu honek, eta abar. Horretarako, Jarduneko, Mugimendu Sozialistako, Kinkako, Guztiontzako Egia Auzotar Sareko eta Hiritarron Harrera Sareko ordezkari bana edukiko dugu mahai inguruan. Ondoren, sozializaziorako, bazkaria antolatu dugu, eta, jarraian kontzertu bat. Espero dugu ehun bat lagun elkartzea plazan bazkarirako.
La Sirena aterpetxea egunero irekitzearen aldeko abenduko kanpaina izan zen Donostia Antifaxistaren lehenengo jarduera. Zergatik jarri zenuten hor fokua?
X.A.: Ez da berria delinkuentzia eta arrazakeria lotzen dituen diskurtsoa, eta, bereziki, magrebtar komunitatea kriminalizatzen eta dehumanizatzen ari dira horren bidez. Horren aurrean, fokua jarri behar da kale egoeran dauden migratzaile horien egoeraren arrazoiak zeintzuk diren aztertu behar dugu, arazoaren errora jo behar dugu, alegia.
Era berean, diskurtso arrazistaren orokortzea krisi kapitalistaren testuinguruan kokatu behar dugu, eta bi planotan du eragina: alde batetik, bere ongizatea zalantzan ikusten duen eroso bizi den klase ertain bat dago, bere pribilegioak galtzearen aurrean kale egoeran dagoen magrebtar komunitatea estigmatizatzen ari dena; bestetik, kale egoeran dagoen eta bere burua migratzera behartuta ikusten duen biztanleriaren gorakada bat dago. Zentzu horretan, ulertzen dugu ezinbestekoa dela erakundeek bermatzen ez duten aterabide soziala lehen planoan jarri behar dela, eta horri erantzuten zion kanpainak, udalari interpelatzeko eta gazte migratzaile horiek bizi duten oinarrizko pobrezia eta hori eragiten duen krisi kapitalista salatzeko.
2024an lehertu da auzia, LQNTCDDren elkarretaratzeekin —PPko zinegotzien parte hartze eta guzti—, KASi ezarritako debekuarekin, eta abar. Diskurtso arrazisten gorakada, ordea, atzetik zetorren. Nola ikusten duzue hiriko egoera une honetan horri dagokionez?
T.S.: Talde arrazista eta faxista antolatu-antolatuak ez daude momentuz, baina norbanako arrazistak eta faxistak badaude. Momentuz, ez daukate indar handirik, baina gero eta gehiago ikusten dira hiritik pintaketa arrazistak eta faxistak; beraz, presentzia gero eta handiagoa da. Ildo horretatik, Devenir Europeo eta Arbasoen Mendekua taldeak dira zentzu horretan euren presentzia gehien indartu dutenak Donostian, eta, bestalde, betiko Voxeko jendea dago, edozein momentutan aktibatu eta beste modu batean antolatu daitekeena. LQNTCDD taldeak beste berezitasun batzuk ditu.
X.A.: Hein batean, bere burua arrazistatzat ez duen jendea dago LQNTCDD taldean, segurtasunaren bandera bere egiten duena, baina gero eta errotuagoak dauden diskurtso arrazistetan oinarritzen dena sarritan. Eta, LQNTCDDren zabalkundea eta ahalmen mobilizatzailea nahastu da diskurtso arrazista eta faxista horien gorakadarekin. Hain zuzen ere, taldearen aurkako deialdiak antolatu eta elkarretaratze horietan parte hartzen zuen jendeari aurpegira arrazista eta faxista deitu zitzaien momentuan, etorri zen euren desmobilizazioa. Izan ere, talde oso plurala da, askok ez dute euren burua arrazistatzat, jende politikoki ustez independentea dena, eta abar.
Diskurtso ultraeskuindarren gorakada Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko joera baten barruan kokatu behar da, ezta?
X.A.: Gizartean errotzen ari diren diskurtso faxistez hitz egin dugu, baina hitz egin beharko genuke ere hedatzen ari den ultraeskuin instituzionalaz: Meloniz, Orbanez, Trumpez, Voxez… Bestalde, hitz egin beharko genuke, baita ere, sare sozialetan Desokuparen, Frente Obreroren eta halako antolakundeen diskurtsoak duen presentzia gero eta handiagoaz.
Egun Antifaxistaren ondoren, zer asmo dauka Donostia Antifaxistak?
T.S.: Lanketa ideologikoa egiten jarraituko dugu, hobeto antolatzeko sukalde lanean. Eta Donostian antolatzen den edozein mobilizazio faxista eta arrazista erantzuteko antolatzen jarraituko dugu.