45 bizikleta konpondu eta Valentziara eraman dituzte bi udaltzainek
Donostiako Udaltzaingoaren bi agentek txatar egitera eraman behar zituzten 45 bizikleta konpondu dituzte, eta Valentziara eraman, tanta hotzaren eragina jasan duten lekuetara.
“Hondamendiaren tamaina eta kaltetutako lekuetatik aipatutako beharrak kontuan hartuta, Udaltzaingoaren Javier Cortes eta Francis Indias agenteek bizikletak lortzeko eta eramateko ekimena martxan jarri zuten. Horretarako, Udaltzaingoaren zuzendari Jon Udakiolarekin hitz egin zuten, eta udalari eskatu zioten ibilgailuen gordailuan utzita eta txatar bihurtzeko zain zeuden 45 bizikleta emateko, konpondu eta kaltetutako eremu horietara eramateko”, azaldu du udalak ohar baten bidez.
Agenteak Torrenteko Col.lectiu Soterranya elkartearekin harremanetan jarri ziren, eta haiekin elkarlanean, hainbat astetako konponketa lanak egin ostean, bizikletak Paiporta eta Catarroja herrietan banatu dituzte.