Garaipen hotza, hiru puntu bero
Realak Vila-real hartu du mendean, betetzetik urrun geratu zen Anoetan (1-0).
Astelehena, gaueko 9ak eta giro hotza. Baldintza horiekin futbol zelai bat betetzea ez da batere erraza. Horrela ere, Realak ligako partida jokatu behar izan zuen atzo, eta, zorionez, urteko bigarren garaipena eskuratu zuen —kopako kanporaketa aintzat hartuta—.
Denboraldiko asistentzia pobreena izan zuen Anoetak, baina taldeak hurbildu zirenak berotu zituen garaipen garrantzitsu batekin. Vila-real gainditu zuten Take Kubo japoniarrak egindako marrazki bizidunetako gol ikusgarri bati esker (1-0).
Txuri-urdinek partida gorabeheratsua jokatu zuten. Ez ziren aurkaria baino hobeak izan, eta ezta txarragoak ere. Dena dela, Reala izan zen irabaztetik gertuen egon zena, aukera garbiak izan zituztelako. Era berean, erabakigarria izan zen Alex Remiro atezaina. Atea hutsean utzi zuen, beste behin ere, eta Vila-realen saiakerak galarazi zituen.
Garaipen hotza izan bazen ere, hiru puntu bero eskuratu zituzten txuri-urdinek, eta ligako lehen itzulia 28 punturekin eta zazpigarren tokian bukatu dute. Hurrengo neurketa ostegunean dute, kopakoa, eta garrantzia berekoa. Rayo Vallecano hartuko dute partida bakarrera jokatuko den kanporaketan.