Txantxarrekako «sukalde askea», larunbatetik aurrera martxan
Egitasmo berri bat jarri dute abian Antiguako Txantxarreka gaztetxean: Txantxarrekako Sukalde Irekia. Antolatzaileek azaldu dutenez, “sukalde aske” bat da, eta “pobreziaren gaiari helduz, hilero norberaren gaitasunetara egokitutako (borondatearen truk) bazkaria egitea da asmoa. Hilabetero, lagun talde, kuadrilla, kolektibo… desberdin batek kozinatzearen eta norbere erara girotzearen ardura hartzea da ideia”.
Lehenengo bazkaria larunbat honetan egingo dute, hilaren 18an, 14:00etan, Antiguako jaien bueltan: “Gauean edukiko ditugun kontzertuekin lotuta, Antonio Iriarteren (Skabidean) bakarrizketaz gozatu ahal izango dugu. Ondoren, ska eta reggae musikaz giroturik egongo da gaztetxea, Naken Selektor eta Marcos Carnabyren eskutik”.