Eskiek Kontxa hartu zutenekoa
1985eko elurte gogoangarrian, gaur 40 urte, iraupen eskiko «proba historikoa» egin zen Donostian. Ehundik gora lagun atera ziren, jende ezaguna tartean: Urko abeslaria, Martxelo Otamendi... Angel Ortiz izan zen irabazle, eta Peio Ruiz Cabestany, bigarren.
Gutxitan, gero eta gutxiagotan, jaisten da elurra itsasoraino, eta, malo-malo, hondartzan pausatzen. Donostian, harea beixa zuriz estaltzen den bakan horietan, goizean goiz hor izaten da Peio Ruiz Cabestany (Donostia, 1962), iraupen eskiak hartuta Kontxan irristatzen. «Orduan, bai, esan liteke benetan elurra egin duela», dio Cabestanyk txantxetan. Eta aldi bakan horietan, marko konparaezinean, estanpa ezohikoa eskaintzen du eskiatzaileak. Normalean, baina, etorri orduko lurmentzen da elurra kostaldean. 1985eko urtarrilean, orain 40 urte, ez zen halakorik gertatu, ordea: urtarrilaren 7an elurra hasi, eta bi aste osoz zuri-beltzezkoa izan zen Euskal Herri berdea. Tenperaturak zero azpitik amildu ziren hainbat egunez, baita kostaldean ere, eta, hotz horren ondorioz, iraun egin zuen elurrak.
Belen Eguskiza mendiko eskiatzaile aitzindaria (Donostia, 1954) Neouvielleko mendigunean eskiatzen ibili zen 1985eko Gabonetako oporraldian, eta etxerako bidea hartzear zela jakin zuen Euskal Herrira zetorren elur denboralearen berri. «Potok [Gorrotxategi, bikotekidea] esan zuen: ‘ba, ez da hainbesterako izango: pixka bat jaitsiko gara eta euria izango da’. Bai zera: Donostiaraino elurretan etorri ginen gure 4L zaharrean. Haiek bai elurretarako autoak; katerik jarri gabe iritsi ginen Donostiaraino». Oporren osteko lehen lanegunean, eskiatzen joan zen Eguskiza Errenteriako Markola eskolara, han baitzen irakasle. «Jende gutxi heldu ginen, hiruzpalau lankide. Autobusik ez zebilen, eta goiz hartan bertan erabaki zuten eskolak bertan behera uztea. Goiz hartan bertan Bianditzera igo nintzen eskiekin. Hurrengo egunetan berealdiko gozatua hartu genuen. Lezotik Jaizkibelen gora eta behera, Bianditzera, Aiako Harrira…».
Angel Ortiz (Tolosa, 1956) eta lagunak ere egunero ibili ziren eskiatzen 1985eko ilbeltz zuri hartan. «Batean eskiekin joan ginen Tolosatik Donostiara, eta buelta trenean, Suitzan bezala. Hurrengo egunean, Herniora; hurrengoan Uzturrera. Kostako Itzulia ere egin genuen Josu [Iztueta], Dina [Bilbao] eta hirurok, eskiekin errepidetik: Tolosa, Errezil, Azpeitia, Zumaia, Zarautz eta buelta Andazarratetik. Elurtuta zegoen dena».
Erreportaje hau Berria-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.