«Domina badugu eta bandera laster; soilik urrezko danborra falta zaigu»
75. urte bete ditu Club Vasco de Camping elkarteak, eta 2025eko San Sebastian eguneko bandera haiei ematea erabaki du Donostiako Udalak.
San Sebastian eguneko bandera jasotzeak zer esan nahi du zuentzat?
Ohorea da. Udalak egin digun aitortza. Ni naiz egungo presidentea, baina ia 4.000 bazkideren ordezkaria naiz. Gehienak donostiarrak dira, eta, ondorioz, oso pozik hartuko dute hiriko bandera. Horrekin batera, errekonozimendu hau lagungarria izango da boluntario gisa aritzen diren bazkideen konpromisoa indartzeko.
Kluba sasoiko eta osasuntsu al dago?
Gure garai onenetako batean gaude. Esan moduan, ia 4.000 bazkide ditugu, eta Euskal Herrian ez ezik, estatuan bazkide gehien dituen mendizale elkarteetako bat ere bagara. Kopuruez harago, jarduera asko antolatzen ari gara. Zentzu horretan, maiz nabarmentzen dugu ez garela kirol jardueretara mugatzen, eta denak ez direla mendizaletasunarekin loturikoak. Askotariko diziplinak ditugu. Gainera, beste mendizale klubek ez bezala, mendiarekin eta ingurumenarekin loturiko kultur jarduerak egiten ditugu. Esaterako, eskaladari buruzko erakusketa bat inauguratuko dugu ostiralean, Groseko Okendo Kultur Etxean. Bestalde, liburu batzuk argitaratu ditugu duela gutxi, eta mendiari buruzko ipuin lehiaketa bat dugu martxan.
Kulturarekin duzuen harremana aipatuta, hiriko kultur ondarea den San Sebastian eguna barrutik bizitzeko aukera izango duzue, berriz ere.
Hirugarren esperientzia izango da, bai. 2001. urtean Hiritar Merezimenduaren Domina jaso genuen, eta guretzat oso berezia izan zen. Beste urte batean, Plaza Berriko balkoitik ikurrina igotzeko aukera eman ziguten, eta Txema Garai orduko presidenteak egin zuen. Oraingoan, berriz, San Sebastian eguneko bandera jasoko dugu. Domina badugu eta bandera laster; soilik urrezko danborra falta zaigu [barrez].
Elkarteko bazkideek festaz gozatzeko aukera izango duzue?
San Martzial kalean sortu zen elkartea izanik, San Sebastian eguna gertutik eta bizi izan dugu. Donostiarrak gara erraietaraino, beraz, bazkideetako askok modu aktiboan biziko dute festa. Dena dela, beste batzuek nahiago izango dute egunotan mendira edo eskiatzera joan. Izan ere, astelehena jai da, eta asteburu luzea aprobetxatu nahi izango dute. Lasai, joango diren horiei ez diegu errietarik egingo [barrez].
Eta zu ateratzen al zara danborradaren batean?
Ni ez, baina urtero Plaza Berrira joaten naiz bandera igoera eta jaitsiera ikustera. Eta, noski, danborraden giroan ere barnebiltzen naiz, baina egunean zehar eta kalean.
Erabaki al duzue non jarriko duzuen bandera?
Ez dugu erabaki, baina elkartearen egoitzan ikusteko moduan jarriko dugu. Batez ere, bazkideek eta jendeak banderarekin argazkiak egin ditzaten. Aurrerago, txoko bereziren batean jarriko dugu, Hiritar Merezimenduaren Dominarekin batera.