Helduen 167 danborradek hartuko dituzte hiriko kaleak San Sebastian egunean
Zazpi danborrada berri aterako dira, eta, oraindik, soilik gizonez osaturiko bi danborrek parte hartuko dute hiriko festa nagusian.
Egun gutxi falta dira urtarrilaren 20ko San Sebastian egunerako, eta helduen danborradak azken entseguekin dabiltza. Hain zuzen ere, 167 danborradek eta 22.736 pertsonak hartuko dituzte hiriko kaleak. Gainera, estreinako aldiz zazpi danborrada berri aterako dira. Beraz, inoizko San Sebastian egun jendetsuena izango da.
Gaur goizean egin dute 2025eko helduen danborradaren aurkezpena, eta xehetasun guztiak eman dituzte udaletxean Eneko Goia alkateak eta Jon Insausti Kultura zinegotziak. Ezer baino lehen, danborraden %98,2 mistoak direla nabarmendu du Insaustik. Izan ere, Amigos del Europa, Amigos del Antonio Bar eta Gizartea danborradak mistoak izatera pasa dira. Guztira, 12.096 gizon (%53,21) eta 10.640 emakume (%46,79) aterako dira helduen danborradetan.
Ordea, oraindik badira bi soilik gizonez osaturikoak: Tamborrada Club Cantabrico eta Aizepe Danborrada. Aldiz, Emakumeen Etxearen danborrada soilik emakumezko osaturikoa da.
Berritasunak
Hainbat nobedade izango ditu aurtengo helduen danborradak. Hasteko, zazpi danborrada berri egongo dira hirian. Horietatik, hiru Antiguan (Fortuna K.E, Coro Easo Abesbatza eta Antigua-Luberri Danborrada), bi Parte Zaharrean (Itzalpe Danborrada eta Ur Kirolak), bat Amara-Loiolako Erribera inguruan (AMPA Mary Ward Donostia), eta beste bat Altzan (Harri Berri – Oleta Danborrada).
Plaza Berriko oholtzan ere bestelako nobedade bat egongo da. Aurten ez da Jose Ramon Mendizabal arituko Gaztelubideko danbor nagusi gia, osasun arrazoiengatik. Gonzalo Aldanondok ordezkatuko du Mendi. Esperientzia handiko gizona da Aldanondo, eta danborradarekin lotura oso handia duen familia du, izan ere, Gaztelubide danborradako urketari nagusia Marta Aldanondo da, Gonzaloren arreba.
San Sebastian eguneko bandera
Aurten, 75 urte bete dituen Club Vasco de Camping elkarteak jasoko du San Sebastian eguneko bandera, Plaza Berriko udaletxe zaharreko mastan 24 orduz egongo dena. Elkartearen urteurrenarekin bat egiteko, Goiak San Sebastian eguna pasata eramango du bandera elkartera. Ohi denez, bandera bordatua egongo da segidako testuarekin: “Hau da 2025eko urtarrilaren 20an Konstituzio plazan igotako eta jaitsitako bandera”.
Hainbat danborradari aitortza
Helduen danborradaren aurkezpenak ere baliatu du Donostiako Udalak urteurren borobilak ospatuko dituzten zazpi danborradei aipamen berezia egiteko. Aurtengoan sei danborradek 25 urte beteko dituzte eta batek 75 urte. Bentaberriko Lagunak, Club Ciclista Donostiarra, Gaztedi, Parroquia Maria Reina-Egiako Tolosarrak, Tamborrada Club Cantábrico eta Zubi Musu danborradek 25 urte beteko dituzte aurten, eta berriz, Kondarrak Danborradak 75 urte.
Aurtengo ediziotik hasita, udalak gorbata berezia oparituko dio urteurren “borobila” egiten duen danborrada orori, euren estandartean eramateko. Gorbatan segidakoa ikusi eta irakurri ahal izango da: “Donostiako danborrada”, hiriaren armarria, Danborradaren izena, sorreraren data eta ospatuko den edizioaren data.
Danborradak auzoetan
167 danborradak hiriko auzo guztietatik banatuta daude, ordutegi eta ibilbide ezberdinekin. Horri esker 24 orduetan ez da egongo atsedena hartzeko unerik. Erdialdea da danborrada gehien dituen auzoa (32), jarraian Antigua dago (30), Parte Zaharrean 26 danborrada aritzen dira, Gros auzoan 25, Amara-Loiolako Erriberak-Morlans azuoetan 24, Altza-Bidebieta-Intxaurrondon 20, eta Loiola-Egia-Martutene auzoetan hamar.