Kopa, erdi hutsa ala erdi betea
Realak Rayo Vallecanoren kontra jokatuko du gaur Anoetan, Espainiako Kopako final-zortzirenetako partida (19:30).
Egunak zenbatzetik, garaipenak kontatzera pasatu behar da Reala. Horretarako, leku aproposena Anoeta da. Astelehenean, Vila-real hartu zuten mendean ligako partidan (1-0), eta hiru egun beranduago, Espainiako Kopako final-zortzirenetako neurketa dute zain. Rayo Vallecanoren aurka ariko dira, 19:30etik aurrera.
Arerioak atseden egun gehiago izan dituzte ligako eta kopako partiden artean. Rayok ostiralean jokatu zuen ligako neurketa, eta Realak astelehenean. Jokalariek, zaleek eta klubak, aho txikiarekin, hori bera kritikatu dute. Ordea, ez du askorako balio izan, eta ezarritako egutegian ez da aldaketarik egongo. Beraz, garaipena da bide bakarra; batez ere, kopan aurrera egiteko.
Bolada onean dira txuri-urdinak 2025eko lehen bi partidak irabazita —Ponferradinari kopan, eta Vila-reali ligan—. Horrela ere, gaur iluntzeko buruz burukoa ez da batere samurra izango. Zaleek gogoan izango dute Rayok Realari irabazi ziola denboraldi honetan (1-2), Anoetan jokaturiko neurketan. Hortaz, joko aldetik hobeto aritu beharko dira, eta ate aurrean eraginkor.
Itzulerak
Deialdiari dagokionez, Imanol Alguacil entrenatzaileak hainbat jokalari berreskuratu ditu. Zubeldia eta Becker hasierako hamaikakoan jar ditzake, biak bueltan direlako. Zubimendi ere jokatzeko moduan izango dela dirudi. Gainerakoen kasuan, ikusteko dago atean zein jarriko duen entrenatzaileak: Marrero —kopan dena jokatu duena— ala Remiro. Horrez gain, baliteke Javi Lopezek jokatzea defentsa lerroko ezker hegalean, eta Barrenetxeak minutu gehiago izatea. Era berean, Oskarsson aurrelaria ere hasieratik aritu daiteke.