Trantsizio energetikoari buruzko mahai ingurua egingo dute otsailaren 5ean

Trantsizio energetikoaren inguruan hausnartzeko mahai ingurua antolatu dute otsailaren 5ean, Okendo Kultur Etxean. Haritzaldek, Ekologistak Martxanek, Eguzkik eta Satorralaiak antolatuta, Trantsizio energetikoa eztabaidan: aukerak eta arriskuak izenburupean, Aitziber Sarobe natur kontserbazionista eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea eta trantsizio ekologikorako arduraduna izango dira mahai inguruko hizlariak. 19:00etan hasiko da.
Aurrerapen gisa, gaia mahai gainean jarri dute antolatzaileek: “Jakina da, lurraren muga biofisikoak aintzat hartu eta sozialki justua izango den eredu baten oinarriak jartze aldera sistema energetikoa errotik aldatzea dagokigula. Galdera da, zalaparta handiz iragarri duten trantsizio energetikoa delakoa bide horretatik ote doan”.
Halaber, energia berriztagarrien proiektu handien auzian eta “gigantismo industrialak” ezaugarritutako soluzioei buruz dauden jarrera desberdinen arrazoiak ezagutu eta eztabaida bat planteatuko dute. “Une erabakigarri batean gaude eta eztabaida bultzatu behar da gure ustez”, nabarmendu dute antolatzaileek.