46 kale garbitzailek egingo dute lan San Sebastian egunean, iazko bikoitza
San Sebastian eguneko kale garbiketako operatiboa indartu du Donostiako Udalak, bereziki, jende gehien ibiltzen den zonetan; Parte Zaharrean eta Erdialdean, alegia. “Ahalegina bereziki esanguratsua da, iazko operatiboa bikoiztuz. Horrela, 2024an lan egin zuten 25 langileetatik 46 izatera pasatu dira oraingo honetan, hau da, igande edo jaiegun arrunt batean baino ia lau aldiz gehiago. Hori bai, herritarren laguntza behar duen zerbitzua da, makinek eta garbiketako langileek ezin baitute beren lana egin kaleak jendez gainezka badaude”, azaldu du Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak.
Udalak azaldu duenez, kale garbitzaileen goizeko txanda 05:00etan hasiko da, eta 11:00ak arte arituko dira lanean. Helduen bost danborrada eta haurren danborrada bat igarotzen dira Parte Zaharretik ordu tarte horretan, eta hori kontuan hartu dute operatiboa prestatzerakoan. Hilaren 19ko gauean eta 20an bertan zortzi tona zabor inguru bilduko direla aurreikusi dute.
Langile kopurua ez ezik, garbiketarako ibilgailu kopurua ere ia bikoiztu dute: hamar aritu ziren iaz eta hemezortzi arituko dira aurten, ohiko jaiegun batean zortzi izaten diren bitartean. Era berean, ostalaritza establezimenduek kalera ateratzen dituzten beira hondakinak 08:00etatik 11:00etara jasoko dituzte, bi kamioirekin.
Kaian pantaila erraldoi bat jarriko dutenez aurten, bertan ere garbiketa operatibo berezia aurreikusi du udalak, eta garbiketa zerbitzuak indartuko dituzte, baita ere, Grosen, Intxaurrondon eta Altzan.