San Telmo museoak 'Ipuscua. 1000 urte' erakusketa zabaldu du
Duela mila urte agertu zen aurreneko aldiz Gipuzkoa hitza eskuizkribu batean. Ipuscua gisa idatzita topatu zuten San Juan De la Peñako (Huesca, Aragoi, Espainia) liburu gotiko batean. Milagarren urteurrena ospatzeko, urte osoko egitaraua prestatu dute. Horietako bat da San Telmo museoak gaur goizean aurkeztu duen erakusketa: Ipuscua 1000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara. 1025-2025.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Gordailua) lankidetza izan du, eta Iosu Etxezarraga historialari eta arkeologoa da komisarioa. Antzinako komentuaren bi kaperatan izango da ikusgai publikoarentzat, urtarrilaren 18tik maiatzaren 11ra bitarte.
Erakusketak azken mila urteetan barrena egindako bidaia proposatzen du, 1025. urtean hasi eta gaur egun arte, Gipuzkoa entitate geografiko lausoa izatetik nortasun juridiko propioa zuen elkarte egonkor bat izatera nola igaro zen jakiteko, gaur egun arte iraun duten erakundeekin.
1025. urtean lehen aldiz aipatutako Ipuscua-tik abiatuta, XIV. eta XVI. mendeen artean lurralde, erakunde, gizarte eta politika errealitate berri gisa eratu zen Gipuzkoara igarotzen da. Azkenik, lurraldeak bizi izandako aldaketak gainetik aipatzen dira, XIX. mendean sistema liberal konstituzional berrian sartzeko.
Erakusketa museoko elizan amaitzen da, eta haren bisitak deskribatutako historia osatzen du, Serten mihiseekin amaiera emanez, Gipuzkoako eta Euskal Herriko historiari lotutako hamaika eszena irudikatzen baitituzte. Espazio berean daude Alonso de Idiakez eta Gracia de Olazabalen hilobiak ere, San Telmo komentuaren sortzaile eta Karlos I.a, Felipe II .a eta bere oinordekoen monarkien zerbitzura aurrera egin zuten elite gipuzkoar horien adibide garbia.