Haritz Rodriguez donostiarra 'pommelier' izendatu dute
American Cider Association erakundeak Haritz Rodriguez (Donostia, 1978) pommelier izendatu du. Hau da, sagardoaren sommelierra. Euskal Herrian eta estatuan titulu hori eskuratzen duen lehendabizikoa da. 122 lagunek baino ez dute mundu osoan, eta sektoreko nazioarteko garrantzitsuena da.
“Lehenik eta behin, atal teoriko bat gainditu behar izan nuen, sagardoaren ekoizpenaren, historiaren eta geografiaren azterketa barne hartzen duena, eta, lehen atal hau gainditu ondoren, azterketa praktikora igaro nintzen, non hautagaiek sagardo batzuk eta haien ezaugarriak deskribatzen asmatu behar genuen, analisi sentsorialaren estandarraren arabera”, azaldu du Rodriguezek.
Urtetan kazetari gisa lanean aritu ondoren, egun gastronomia eta turismo marketinean aholkularia da. Gaztetatik maite du sagardoa Rodriguezek, eta sektore horri begira espezializatu da. Bertako eta nazioarteko sagardoaren sektoreko hainbat eragilerentzat lan egin du, mundu osoko upategi ugari bisitatu ditu eta estilo guztietako ehunka sagardo dastatu ditu. Bere garajean sagardo apardun bat ere egin izan du, baratze abandonatu batetik jasotako sagarrekin, nazioarteko lehiaketa batean zilarrezko domina bat lortu zuena.
Dastaketak eta solasaldiak
Euskal Herriko sagardo denboraldiaren hasierarekin bat egin du Rodriguezen izendapenak. Hemendik aurrera, pommelier gisa lanik ez zaio faltako. Esaterako, Tolosako Ama jatetxean bertako eta nazioarteko hainbat sagardoren dastaketa egingo du laster. Gainera, otsailaren 7an, Chicagoko (AEB) Cider Con jardunaldietan parte hartuko du. Sagardo naturalari buruzko solasaldi bat moderatuko du.
“Sagardoak garatzeko ahalmen handia du eta, eboluzionatzeko, garrantzitsua da ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean bitartekari gisa jardungo duten pertsonak izatea. Upategi bakoitzaren atzean dagoen historia kontatu behar da, baita botila bakoitza nola egiten den ere, zabaltzen lagunduz. Pommelierrek zeregin garrantzitsua betetzen dugu lan horretan”, nabarmendu du Rodriguezek.