Donostiako hainbat ikastetxetan irakasleen grebaren jarraipena erabatekoa izan da
EAEko hezkuntza publikoko irakasleen grebak %75etik gorako jarraipena izan du sindikatuen arabera, %48 Jaurlaritzaren arabera.
LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuek irakaskuntza publikoko irakasleentzat deitu duten greba egunak jarraipen zabala izan du gaur, nahiz eta datuetan ez datozen bat sindikatuak eta Jaurlaritza. Jaurlaritzaren arabera, ikastetxe publikoetako zuzendaritzek emaniko datuen arabera, eta ikastetxe guztien %82aren gaineko informazioa jasoa izanik, ikastetxe hauetako irakasleen %48k egin du bat grebarekin.
Hezkuntza sailak greba “desitxuratzeko” saiakera egin duela salatu dute, baina sindikatuen datuen arabera, grebak jarraipen “zabala” izan du, eta grebara deituta zeuden %75etik gora irakaslek babestu dutela adierazi dute. Gutxieneko zerbitzuekin haserre agertu dira sindikatuak, Eusko Jaurlaritzak ezarritakoak “gehiegizkoak” direla argudiatuta.
Sindikatuen arabera, hainbat izan dira Donostian izan diren jarraipen handiko ikastetxeak: Amara Berri Urbietako eraikina (%100); Amassorrain (%87) eta Intxaurrondo ikastola (%80).
Salatu dutenez, EAEn Hezkuntza Sail berria dagoen arren, “azken urteetako jokamolde berbera” dagoela uste dute: “Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako. Hezkuntza Sailari eduki gabeko bilerak deitzeari uzteko eta greba hauetako aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak mahai gaineratzeko eskatu diegu”.