Bera Berak lehiakortasunari eutsi nahi dio
Donostiako eskubaloi taldeak gol bakarreko aldearekin irabazi dio Errioxari (25-26).
Egutegia estutu ahala, indarrak kudeatu beharrean dabil Bera Bera. Bi txapelketa jokatzen ari dira donostiarrak, eta bietan maila ona ematea dute helburu. Europako Liga ondo hasi zuten, baina galdu egin zuten bigarren jardunaldian. Ligan, berriz, puntuak batu nahian dabiltza, eta, atzo, helburua bete zuten. Hori bai, estu eta larri. Errioxari haien etxean irabazi zioten gol bateko aldearekin (25-26).
Bera Berak hasieratik menderatu zuen arerioa, baina azken minutuetan errioxarrek berdinketa oso gertu izan zuten. Atsedenaldia 9-14 bukatu zen, eta garaipena bideratuta zegoela zirudien arren, defentsan ez ziren horren ondo moldatu.
Asteazkenetan eta asteburuetan partidak jokatzeak eragina izan du taldearen errendimenduan. Horrela ere, emaitza onak lortzen ari dira. Hurrengo partida Europa Ligakoa izango da, igandean, hilaren 26an. Norvegiako Fredrikstad Ballklubben aurka ariko dira Gaska kiroldegian, 18:00etan.