Kaiko lizentziarekin gertaturikoa kritikatu dute Elkarrekin Donostiak eta PPk
Donostiako Udalak araudia urratzen duen kaiko taberna baten lizentzia baliogabetuko du. Udaleko zerbitzu juridikoen txosten batek azaleratu du irregulartasuna, eta udal gobernuari eskatu diote Hirigintza Saileko funtzionario baten jokabide okerra ikertzeko.
Oposizioko hiru alderdiek kritikatu dute gertaturikoa. EH Bilduk “kasu larria” dela salatu zuen atzo, eta ildo beretik mintzatu dira Elkarrekin Donostia eta PP. Udalaren “adiskideen kapitalismoa” bukatzea exijitu du Victor Lasa Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak. Aldiz, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren dimisioa eskatu du PPko bozeramaile Borja Corominasek.
“Onartezina da enpresari eta ostalari txiki askok gero eta araudi zorrotzagoak bete behar dituzten bitartean, batzuek mesedeak lortzea influentzia-sareen eta nepotismoaren bidez”, adierazi du Lasak. Udalak kontrol mekanismoak indartu behar dituela gaineratu du “horrelako gertaerak berriro ez gertatzeko”: “Ezin dugu onartu administrazio publikoa gutxi batzuen mesederako erabiltzea, interes orokorraren kaltetan, eta, zoritxarrez, donostiar askok horixe bera sentitzen dute”.