2009tik aurrerako jarduera lizentziak berrikusiko ditu udalak
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak kaiko taberna baten lizentzia irregularraren inguruko salaketaren harira, Donostiako Udaleko Hirigintza Sailak jakinarazi du berrikusi egingo dituela udalak 2009tik emandako antzeko lizentziak, “jarduera ahalbidetu duten udal ordenantzen interpretazioa aplikatu zaien establezimenduei buruzkoak”.
Era berean, nabarmendu dute Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak “informazio espediente bat irekitzeko” eskatuko duela, Jarduera Zerbitzuko buruak “lizentzia jakin batzuk ematean izan duen jarduna zehazteko eta langile publiko izateak dakartzan legezko betebeharrak bete ez dituen egoerarik egon den aztertzeko”.
Izan ere, auzo elkarteak salatu du kaiko taberna horren eta “gutxienez beste lauren” kasuetan, establezimenduei lizentziak ematearen alde agertu zen funtzionarioa, haren semearen aholkularitzak idatzitako txosten teknikoan oinarrituta: “Legez behartuta zegoen prozeduran esku hartzeari uko egitera eta bere nagusiei jakinaraztera [senideak izateagatik], baina ez zuen halakorik egin”.
Hirigintza, hainbaten esku
Hirigintza Sailak, bestalde, gogorarazi du sail hori ez dela EAJren esku egon 2009tik: “Urteotan, Hirigintza Saila hainbat alderdi eta arduradun politikoren esku egon da: Jorge Letamendia (PSE-EE), Ricardo Burutaran (EH Bildu), Enrique Ramos (PSE-EE) eta, gaur egun, Nekane Arzallus (EAJ). Urte hauetan guztietan, Hirigintza Saileko Jarduera Arloko zerbitzu teknikoen bermearekin onartu dira lizentziak”.