Azken sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute udal ordezkariek

Donostiako Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren, hirian izandako azken sexu erasoa gaitzesteko. Izan ere, Ertzaintzak hogei urteko gizon bat atxilotu zuen asteazkenean Donostian, asteartean emakume bati sexu eraso bat egin izana leporatuta. Horren aurrean, udalak bere gaitzespen irmoa adierazi du.
Nekane Arzallus alkateordeak eta Hirigintza Sostengagarriko zinegotziak azaldu duenez, “gaitzespen gogor eta irmoena” adierazi nahi izan dute azken orduetan Donostian gertatu den erasoarengatik. Era berean, erasoa jasan duen emakumeari “elkartasuna eta gertutasuna” helarazi dio udalak.
“Berriro kalera atera behar izan gara, eta dagoeneko nazkatuta gaude egoera honekin. Konpromiso aktibo bat eskatuko nieke gure bizilagunei, eraso hauek kondenatzeko eta alde batera uzteko”, nabarmendu du Arzallusek. Horrez gain, alkateordeak adierazi du horrelako ekintzak ez direla onartzen Donostian.