Porrota neskek Superkopan, porrota mutilek Europan
Realeko neskek zein mutilek partida garrantzitsuak zituzten ostegun iluntzean; biek ala biek, ordea, galdu egin zuten, baina oso modu desberdinetan.
Neskek, hain zuzen ere, Real Madrilen aurka galdu zuten Espainiko Superkopako finalerdietan, baina ondo eta gogor lehiatuta: 3-2. Madrildarrak laugarren minutuan aurreratu ziren, Weirren bidez, baina txuri-urdinek laster erreakzionatu zuten eta berdinketaren gola egin zuen Amaiur Sarriegik 11. minutuan.
Partida bizia izan zen hasieratik eta, 37. minutuan, bigarrena sartu zuen Real Madrileko Angeldahlek. Berriz ere, neurketari buelta ematea zegokion talde donostiarrari, baina madrildarrek sartu zuten hurrengo gola ere, 71. minutuan, Caicedoren eskutik; aurretik, VAR sistemaren bidez, Real Madrilen aldeko penalti bat bertan behera utzi zuen epaileak. Txuri-urdinek ez zuten etsi eta erasoan jarraitu zuten; hain justu, epaileak Lorena Navarroren gol bat bertan behera utzi zuen 89. minutuan, Mireiak aurretik falta egin zuelakoan, erabaki eztabaidagarri batean.
Azkenean, 95. minutuan sartu zuen Sarriegik 3-2koa, baina ez zen nahikoa izan. Otsailaren 13an izango du Realak mendekua hartzeko parada Espainiako Kopako final-laurdenetan berriz neurtuko baita madrildarrekin, eta atzo argi utzi zuten badutela maila talde zuria garaitzeko.
Gau iluna Erroman
Mutilei dagokienez, gaizki hasi zen eguna Erroman, Lazio talde erromatarreko ultrek Realeko jarraitzaile ugariri eraso egin izanaren albistearekin hasi baitzen. Jokalari txuri-urdinei zegokien albiste on bat ematea Erromatik, baina ez zuten lortu.
Izan ere 3-1 galdu zuten Lazioren aurka, oso partida txar batean. 34. minuturako, 3-0 galtzen ari ziren txuri-urdinak —Gila (5. min.), Zaccagni (32. min.) eta Castellanos (34. min.), eta, 29. minututik, jokalari batekin gutxiagorekin zeuden, Aihen Muñozek txartel gorria ikusi zuelako.
Imanol Alguacilen mutilak saiatu ziren, neurketari buelta ematen lehenengo zatian, baina arrakastarik gabe. Bigarren zatian, Lazio oso eroso aritu zen zelaian, eta, 82. minutuan, Barrenetxeak ohorearen gola baino ezin izan zuen egin. Orain, Reala PAOK garaitzera behartuta dago, Europa Ligan jarraitu nahi badu.