Bera Berak etxea du gotorleku
Donostiako eskubaloi taldeak Europa Ligako multzoen faseko bigarren partida irabazi du, Gaska kiroldegian.

Liga eta Europa Liga tartekatzea erronka gisa hartu du Bera Berak, eta, momentuz, emaitza onen oreka lortu dute. Atzo, defentsako lan onari esker, Norvegiako Fredrikstad Ballklubben taldea menderatu zuten Gaska kiroldegian (32-26). Hain zuzen ere, etxea gotorleku bihurtzea lortu dute. Donostiako eskubaloi taldeak partida bikaina jokatu zuen, arerioaren jokoa mugatuz. Europa Ligako bigarren garaipen honi esker, eta hiru jardunaldi jokatuta, D multzoko bigarren postuan daude.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek denboraldiko seigarren partida irabazi zuen Gaska kiroldegian. Beraz, asteburu borobila izan da kirol pista konpartitzen duten hiriko lehen mailako taldeentzat. Azu Muguruzaren neskek neurketa txukuna jokatuta gainditu zuten Kanaria Handia (67-52). Sailkapenean gora egin dute, hainbat talde atzean utzita. Orain, hamaikagarren tokian daude. Dena dela, hamargarren postuan dagoenak hiru garaipen gehiago ditu.
Futbolean, Realak zaplazteko galanta jaso zuen atzo, Anoetan. Hasieratik bukaerara ezinean aritu ziren Getaferen kontra, eta bigarren zatian hiru gol jaso zituzten (0-3). Txuri-urdinek amore eman zuten galtzen hasi orduko, eta denboraldiko partida kaskarrenetakoa jokatu zuten. Zaleek haserre agurtu zituzten jokalariak eta entrenatzailea. Aste beltza izan da Realarentzat, Valentzian, Erroman eta etxean galduta. Burua altxatzea besterik ez dago.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek eta mutilek irabazi zuten larunbatean. Aspaldi ez zela horrelakorik gertatzen. Neskek aise menderatu zuten Milenio Panthers azken sailkatua (15-2), eta bigarren postua egonkortu dute sailkapenean. Mutilek ere Huarte gainditu zuten neurketa estuago batean (4-3).
EMAITZAK
Eskubaloia
Europa Liga, 3. jardunaldia
- Bera Bera 32 – Fredrikstad Ballklubben 26
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Ibaeta Basket 67 — Kanaria Handia 52
Futbola
Gizonezkoen liga, 21. jardunaldia
- Reala 0 — Getafe 3
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Txuri Urdin 15 – Milenio Panthers 2
Gizonezkoen iberiar liga, 18. jardunaldia
- Txuri Urdin 4 — Huarte 3