Pasealeku Berria, Haizearen Orrazia eta Leizaola pasealekua itxita, alerta laranjagatik

Babes zibilak ohartarazi duenez, 08:00etan alerta laranja aktibatu da olatuengatik. Hori dela eta, Donostiako hainbat leku itxita daude. Alde batetik, Pasealeku Berria itxita dago oinezkoentzat zein ibilgailuentzat. Bestalde, Leizaola pasealekura sarbidea (Zurriolako espigoia) itxita dago, eta azkenik, Haizearen Orraziko sarrera ere itxi egin dute.
Jakinarazi dutenez, neurri horiek gaur eta bihar egun osoan zehar egongo dira indarrean.
Herri Ametsa Talaia, bertan behera
Atzo, igandez, egitekoa zen Herri Ametsa Talaia lasterketa, eta 300 lagunek hartu behar zuten parte 15,3 kilometroko mendi krosean. Hala ere, eguraldiagatik bertan behera uzteko erabakia hartu zuten antolatzaileek larunbatean.
“Mendian gaude, eta ezin dugu arriskatu, beraz, baldintzengatik, bertan behera utzi beharko dugu”, azaldu zuen antolakuntzak.