Lizentzia irregularren aferan «gardentasun eta ardura osoz esku hartzeko» prest agertu da alkatea
Joan den astean, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak salatu zuen kaiko Ostertz tabernari (egungo Kantina Kaia) udalak emandako baimena irregularra zela. Gainera, auzo elkartearen salaketaren arabera, udaleko Jarduera Zerbitzuko burua establezimenduaren kategoria aldaketaren alde agertu zen, haren semearen aholkularitzak idatzitako txosten teknikoan oinarrituta, eta “gutxienez beste lau espedientetan” elkarrekin aritu ziren ama-semeak.
Udalak kaiko lizentzia hori baliogabetzea erabaki zuen joan den astean bertan, eta iragarri zuen 2009tik aurrerakoak berrikusiko zituela, baita funtzionarioaren jardunaren inguruko espediente informatiboa irekiko zuela ere.
Kazetariek gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkatea “gardentasun eta ardura osoz” aritzeko prest agertu da Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan: “Guri dagokiguna da espediente informatibo bat irekitzea, jakiteko zehazki zer gertatu ahal izan den urteotan bere jardunarekin, eta, horren arabera, esku hartzeko. Hori da egin dugun lehenengo gauza. Gu erabat prest gaude gardentasun eta ardura osoz esku hartzeko, hori baita gure betebeharra”.
Era berean, nabarmendu du momentuz ez dagoela mahai gainean funtzionarioa kargutik kentzea, horretarako espediente zigortzaile bat egin beharko dutelako, espediente informatibotik ateratako informazioak horretara eramaten badu: “Espediente zigortzaile bat eduki gabe ez da inoiz inor kendu bere postutik”.