«Akusazioak faltsuak dira eta ez dugu espetxe zigorrik onartuko»
Joseba eta Eñaut Alvarez aita-semeak Donostiako epaitegira deituta zeuden gaur goizean, bi urte eta erdiko, eta urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatzen baitizkiete 2023ko San Sebastian bezperan, Plaza Berrian, Etxera jartzen zuen pankarta bat zintzilikatzen saiatzeagatik. Epaiketa baino lehen, hamarnaka lagun elkartu dira epaitegiaren aurrean aita-semeei elkartasuna adierazteko, eta Adierazpen askatasuna zioen pankarta baten atzean egin dute elkarretaratzea.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Eñaut Alvarezek adierazi du epaitegira joan behar izan dutela beraien aurkako “muntai polizial bat martxan dagoelako”. Autoritateari atentatua egitea egozten diete, eta baita lesioak eragitea ere. Alvarezen arabera, akusazio horiek “guztiz faltsuak” dira, eta ez dute horrelakorik onartuko, “ez eta espetxe zigorrik ere”.
Gaur, fiskala eta defentsa elkartuko dira “akordio bat” erdiesteko aukerarik dagoen aztertzeko, baina Alvarezek berretsi du beraien kontrako akusazioak “faltsuak” direla eta “muntai polizial honen helburua adierazpen askatasuna eta militantzia politikoaren kriminalizazioa” dela.
Akusazioa
Auzipetuen arabera, akusazioak dio udaltzainak erasotu zituztela 2023ko San Sebastian egunaren bezperan, eta lesioak eragin zituztela. “Guk egin genuen gauza bakarra izan zen euskal presoak etxeratzeko pankarta Plaza Berrian presente egon zedin bermatzen saiatzea, eta udaltzainek ez ziguten utzi”, nabarmendu du Eñaut Alvarezek. Bere hitzetan, udaltzainak izan ziren beraien kontra “oldartu” zirenak.