Altza herriko azken udalbatzari buruzko dokumentala, ikusgai

2021ean, 90 urte bete ziren Altzak, herri independente gisa, azken aldiz bere udalbatza propioa hauteskunde batzuetan hautatu zuenetik; hain zuzen ere, Espainiako Bigarren Errepublikaren aldarrikapena ekarri zuten udal hauteskundeetan. 36ko gerra iritsi zen ondoren, erregimen frankista suz eta odolez ezarri zen eta, frankismoaren babesarekin, Altza Donostiara anexionatu zuten. Hedabide honek azken udalbatza hari buruzko erreportaje zabala argitaratu zuen 2021ean.
Azken udalbatza hori Jose Juanes Etxebeste, Celestino Atorrasagasti Casares, Pedro Aiesta Zendoia, Jose Casares Larrarte, Pablo Landa Iribar, Ricardo Tejada Duque de Estrada, Felipe Zurutuza Kerejeta, Jose Iruretagoiena Kerejeta, Jose Manuel Beretarbide Aristizabal, Jose Manuel Sasiain Astiasuainzarra, Juan Iriarte Agirre eta Gaspar Cardona Guarinos zinegotziek osatzen zuten. Sei independenteak ziren: Tejada, ildo monarkikokoa; Zurutuza, Iruretagoiena, Casares eta Sasiain, baserritarren arazoak oso kontuan hartzen zituztenak; eta Aiesta, independenteagoa. Lau abertzaleak ziren, EAJren girokoak: Juanes, Atorrasagasti, Landa eta Beretarbide. Eta beste biak errepublikanoak ziren: Iriarte eta Cardona. Juanez izendatu zuten alkate.
Ideologia desberdinetakoak ziren zinegotziak, baina denek lan handia egin zuten urte haietan Altzaren alde. Hain zuzen ere, lan hori aitortzeko helburuarekin, Altzako Historia Mintegiak Ekialdeko Barrutiari proposatu zion Altzako azken udalbatza hori omentzeko. Hala egin zuten 2021ean, besteak beste, Altzako udaletxe zaharreko atarian euren omenezko plaka bat jarriz. Orain, Ekialdeko Barrutiko Batzordeko Altzako Historia Mintegia elkarteak egindako dokumentala argitaratu du Donostiako Udalak: