Ateak zabaldu ditu Itsas Modelismo Lantegi Eskolak
Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen maketatzaileek Kofradia Itsas Etxean duten lokal berria goizean inauguratu dute. Azpiegiturarekin batera, bertan aurrera eramango dituzten zenbait ekimen ere ezagutarazi dituzte.

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen maketatzaileek topagune berria dute Kofradia Itsas Etxean. Goizean aurkeztu dute Itsas Modelismo Lantegi Eskola, 1977an sortu zen Itsas Historia eta Modelismo atalaren jarduna euskal gizartean ezagutarazi eta sustatzeko xedez. Asmo horretan sakontzeko, bertan aurrera eramango dituzten zenbait jardueren berri ere eman dute.
- Otsailak 13, 10:30ean: Aquariuman dauden maketei bisita. Alejandro Larrodé, Francisco Gomez eta Joseba Burdainek gidatuta. Doan, aurrez izena eman behar da (943-44 00 99/ modelismo@aquariumss.com).
- Otsailak 20, 10:30ean eta otsailak 22, 10:30ean: Itsas Modelismo Lantegi Eskolara bisita. Azpiegitura, han egiten diren lanak, tresnak… ezagutzeko aukera. Doan, aurrez izena eman behar da. (943-44 00 99/ modelismo@aquariumss.com).
- Martxoak 6, 10:00: Itsas modelismoko hastapen ikastaroa. Ezagutzarik ez dutenei zuzendutako sei bat saioko ikastaroa. Itsasontzien planoak interpretatzen, txantiloiak sortzen eta gabarra edo hamaka bat eraikitzen ikasiko dute partaideek. Doakoa, partaide kopuru mugatua.
Halaber, itsas modelismoari buruzko galderaren bat egin nahi dutenek ostegun goizetan dute aukera.
Ia mende erdiko ibilbidean Itsas Historia eta Modelismo atalak kezka nagusia izan du lurraldeko herritarrei bi alor horiek helaraztea. Hala, burututako ekimen gehienak ontzigintzara eta kontserbaziora bideratuta badaude ere, euskal itsas ondare arkeologikoaren ikerketari eta hedapenari lotutakoak ere gauzatu dituzte.