Nuria Culla musikari donostiarrak lehen liburua argitaratu du
Azken urteetan idatzitako poemak eta testuak bildu ditu 'Palabras que no me atreví a convertir en canción' bilduman.
Musikatik orri artera jauzia egin du Nuria Culla abeslari, gitarra-jole eta konpositore donostiarrak Palabras que no me atreví a convertir en canción lehen liburuarekin. Bertan, poesia eta prosa uztartu ditu, barrena husteko sortu, baina musikatu ez zituen kezka, sentimendu eta hitzak arakatuta. Cullaren hitzetan, “intimoegia zen musika jartzeko, baina indartsuegia isilpean uzteko. Tinta beti izan da nire terapia, eta hau guztia liburu bihurtzea gaur egia bihurtuta ikus dezakedan amets bat da, ia sinetsi ere egin ezin dudana”.
Azken urteetan idatzitako testuetako batzuek gertuko pertsonen galera jorratzen dute, gerraren aurreko frustrazioa, maitasuna, desoreka mentalen aurkako borroka, literaturarekiko pasioa, hainbat lekuren oroitzapena, musikaren gaineko jakingura… Horretarako, adierazpen mekanismo gisa metaforak eta sinbolismoak baliatu ditu, askotan naturarekin lotutakoak.
Hitzak laguntzen dituzten irudiak sortzeko ardura Arturo Martinek izan du, musikariak iaz argitaratu zuen Hamaika gau diskoaren azalaren sortzaileak, hain zuzen ere.
Liburua salgai dago Hontza, Kaxilda eta Zubieta-Troa liburu-dendetan. Datozen asteetan zenbait aurkezpen egingo ditu donostiarrak haren berri emateko: Zubietan-Troan otsailaren 7an, 19:00etan; Re-readen martxoaren 9an, 18:30ean; eta Kaxildan apirilaren 2an, 18:00etan.
Iazko irailean elkarrizketatu genuen Nuria Culla, eta hemen irakur dezakezue elkarrizketa.