Israelen aurkako pankartak eta propaganda kendu dituzte Anoetan
Realeko segurtasun langileek Israelen aurkako pankartak kendu zituzten atzo Anoetan, Realaren eta PAOKen arteko partidan. Era berean, Palestinaren aldeko hainbat militantek estadioaren sarbideetan zaleei banaturiko esku orriak kentzen aritu ziren segurtasun langileak. Jokin Aperribai Realeko presidentearen SAPA enpresa armagilearen “paper militarra” eta Israelgo Estatua sionistarekin duen harremana salatzen zuten esku orri horiek, baita enpresa hori “genozidioaren konplize” gisa seinalatu ere.
Esku orriak bosgarren minutuan erakusteko eskatu zieten zaleei, eta askok hala egin zuten, segurtasuneko langileek ez baitzuten lortu denei propaganda kentzea. Era berean, partidan zehar, Israel Palestinako herriaren aurka gauzatzen ari den genozidioa salatzeko, Israelekin harremanak eten leloa zuten pankartak zintzilikatu zituzten Aitor Zabaleta harmailaren gaineko harmailatik. Ordea, segurtasuneko langileak harmailan sartu ziren, pankartak kentzeko, realzale ugariren txistu eta oihu artean.
Neurketaren aurretik, 19:30ean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, SAPAren “paper militarra” salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten herritar ugarik Ferrerias plazan, realzale ugari partiden aurretik elkartu ohi diren lekuan.
Ez da Anoetan Palestinaren aldeko keinuak egiten diren lehenengo aldia. Besteak beste, 2023ko azaroan, genozidioa salatzeko ekintza egin zuten Bultzadako kideek, IRUTXULOKO HITZAk bideoan jaso zuena eta nazioartean asko zabaldu zena.
Celtic taldeko zaleen elkartasuna
Palestinaren aldeko pankartena ez da izan azken egunotan harmailetatik iritsitako albiste bakarra. Izan ere, Eskoziako Celtic Glasgowko zaleek Zaurituekin elkartasuna zioten pankartak atera zituzten asteazkenean Txapeldunen Ligan Aston Villaren aurka jokatutako partidan, Lazioko ultrek zauritutako realzaleei elkartasuna adieraziz.
Celtic taraftar grubu Green Brigade, dün gece Aston Villa ile oynanan Şampiyonlar Ligi maçında, geçen hafta Lazio taraftarı neo-faşistler tarafından yaralanan Real Sociedad taraftarları ile dayanışma amacıyla Baskça "Yaralılarla dayanışma" yazılı pankart ve Filistin bayrağı açtı. pic.twitter.com/zPXhnKqf4S
— Gerçeğin Günlüğü (@GerceginG) January 30, 2025