Pio Barojako boulder txapelketa herrikoia egingo dute, hamabosgarrenez
Igandean, hilaren 16an, XV. boulder txapelketa herrikoia egingo du Fortuna Kirol Elkarteak, Antiguako Pio Baroja kiroldegian. Txapelketaren bidez, eskalada “bere zentzu herrikoienean” bultzatzea bilatzen da, eta edonori parte hartzeko aukera emango zaio txapelketan.
“Ikuspegi ireki eta herrikoi” honetatik, “modalitate hau eskalada klasikoa baino askoz erakargarriagoa dela” uste dute antolatzaileek, eskaladan lehen urratsak eman nahi dituenarentzat eta, aldi berean, ikuslearentzat. Eskalada maila ezberdinetako bide hautaketa egongo da, hastapenetan dabilenarentzat edota trebakuntzarik ez duenarentzat, eta partaideek ez dute mugarik izango, nahi adina bloketan saiatu ahal izango baitira.
Txanden antolaketa berria egin dute, eta horrela sailkatu dituzte:
14, 16 eta 18 urtez azpikoak
- 9:00 – 10:00: Dortsal banaketa.
- 10:00 – 12:00: Sailkapena.
Seniorrak eta beteranoak
- 11:00 – 12:00: Dortsal banaketa.
- 12:00 – 14:30: Sailkapena.
Finalak (kategoria guztiak)
- 16:00 – 19:00: Finalak.
Izena eman nahi duen orok, Internet bidez egin dezake helbide honetan, eta 18 euroren truke. Plazarik geratzen bada (180 pertsonakoa da muga), egunean bertan ere izena eman daiteke 25 euro ordainduta. Abonatuek, bi euroko hobaria dute. Opari gisa izen emandako guztiek txapelketako kamiseta bat jasoko dute.