Auto ilarak sortu dituzte Donostian gertatu diren bi istripuk
Motozale bat ospitalera eraman behar izan dute Tolosa etorbidean auto batekin talka egin ostean.

Moto batek eta auto batek istripua izan dute Donostiako sarbidean, Tolosa etorbidean, Errotaburuko Ogasunaren egoitzaren parean. Ondorioz, bide horren bi noranzkoak itxi behar izan dituzte, eta auto ilarak sortzen ari dira saihesbidean (GI-20).
Motoaren eta autoaren arteko istripua 08:00ak aldera gertatu da, Donostiarako noranzkoan, Benta Berri eremura Donostiako saihesbidetik sartzen den Tolosa etorbidean, Repsoleko gasolindegiaren eta Errotaburuko dorreen parean. Motorra errepide erdian botata geratu da, eta Udaltzaingoak bideko bi erreiak itxi behar izan ditu. Motozalea ospitalera eraman dute.
Hasiera batean bi erreiak itxita egon diren arren, 08:50ak aldera noranzkoa ireki ahal izan da Donostiatik ateratzeko. Aitzitik, sartu nahi duten ibilgailuak Zarautz etorbidetik desbideratzen ari dira.
Bizkaia pasealekuko istripua
Bestalde, beste istripu bat izan da GI-41 errepidean (Martutene-Aiete), Bizkaia pasealekuaren parean, kamioi baten eta auto baten artean. Ondorioz, auto ilarak sortzen ari dira Loiolako Erriberan. Ezbehar horretan ez da inor zauritu.
Ondorioz, puntu horretan ere auto ilarak sortu dira, eta Donostiako autobian ere izan dute eragina. 08:30ean bost kilometroko ilarak zeuden Intxaurrondo eta Anoeta artean, eta GI-40 errepidean ere izan dute eragina.