Jon Ander Olasagastik 2027ra arte berritu du kontratua
Realak eta donostiarrak akordioa lortu dute erdilari gaztearen kontratua luzatzeko.

Neguko merkatua itxi berritan, Realak ez du inor fitxatu. Aldiz, lehen taldea egonkortzeko neurriak hartzen ari da. Ildo horretatik, Jon Ander Olasagasti erdilari donostiarraren kontratua luzatu du. Groseko erdilariak klub txuri-urdinean jarraituko du 2026-2027 denboraldiaren amaiera arte.
Kadete mailan sartu zenetik, hamaika urte baino gehiago daramatza Olasagastik Realean. Bigarren taldean jokalari garrantzitsua izan ondoren, lehen taldera igo zuten eta denboraldi honetan lortu du pausoa ematea. Zelai erdian haren aldeko apustua egin du partida garrantzitsuetan Imanol Alguacil entrenatzaileak. Batez ere, Espainiako Kopan eta Europa ligako neurketa batzuetan.