Teilatuek azpian gordetzen dutena

Argazkia ikusterakoan, ezin izan dut oroitzapen bat ekidin. Aitona ikusi dut bere etxeko ganbaran, ohiko legez, leiho azpian duen mahaiaren aurrean eserita egunkaria irakurtzen, ahoan duen Fariasari kea darion bitartean. Duela gutxi bazkaldu dugu, eta amonak ontziak garbitzen dituen bitartean, ahizpa eta biok gora igo gara, aitona zertan dabilen ikusteko.
Ohi moduan, zirrara eragin digu ganbarara igotzeko egurrezko eskailera zaharrek egiten duten soinuak, eta gora iristean, hantxe ikusi dugu aitona, eguneroko tradizioari jarraika, solairu bat beherago, etxean bertan, tradizioa emakumeak sukaldea jasotzea den bitartean —gauza batzuk ez dira sekula aldatzen—. Amaren eta izekoren txikitako jostailuak hartu, eta jolasean aritu gara ahizpa eta biok, berriro ere eskolara joateko ordua iritsi den arte.
Aspaldian ikusi ez dudan irudia da oraintxe kontatu dudana, baina oroitzapenek (ia) beti aurkitzen dute itzaletatik ateratzeko bide bat. Eta horiek norberarengan behar bezala kokatzeko, egokia da ondo eraikitako teilatu bat izatea, batzuk bertara harriak botatzen saiatzen badira ere.