Gizon bat atxilotu dute Mugikortasun agente bati eraso egiteagatik

Donostiako Udalak salatu duenez, gizon batek Mugikortasun agente bati eraso egin zion igandean, Illunben, Realaren eta Espanyolen arteko partidaren ondoren. Udaltzaingoak egunean bertan atxilotu zuen 43 urteko gizona.
Neurketa bukatzean, zale bat Illunbeko aparkalekura joan zen zaleen autobusa hartzera. Hara iritsi zenean, autobusak alde egin zuela konturatu zen. Une horretan, zalea aparkalekuko hesiak jotzen hasi zen, eta Mugikortasun agente batek errieta egin zion. Gizonak agentearen motozikleta jo zuen, eta bultza egin zion. Horregatik, inguruan zeuden segurtasun zaindariek esku hartu zuten, eta agenteari lagundu zioten. Azkenik, Udaltzaingoak gizona atxilotu zuen, eta epailearen esku utzi zuten. Epailea, berriz, aske utzi zuen, karguekin.
Gertaturikoa “onartezina” dela adierazi du Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarzak: “Zerbitzuen funtzionamendu egokia, segurtasuna eta herritarren ongizatea zaintzeko lan egiten duen pertsona baten aurkako erasoa da. Erabat gaitzesten dugu agenteak jasandako erasoa, eta elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu”.
Hilabete honetan dagoeneko bi Mugikortasun agenteri egin diote eraso. Otsailaren 2an beste agente bati eraso egin zioten Antiguan.