Haur minbiziaren aurkako Ipar Martxa jendetsua egin dute

Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunaren harira, XII. Ipar Martxa jendetsua egin zuten Donostian atzo, Aspanogi elkarteak antolatuta. Larunbatean, hilaren 15ean, izan zen Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna, eta aurten, egun horretarako aukeratu duten leloa Arreta psikologiko espezializatu baten alde izan da.
Aspanogik nabarmendu duenez, adingabeen minbiziaren diagnostikoak ez dio soilik haien osasun fisikoari eragiten, baita haien ongizate psikologiko eta emozionalari ere. “Egun batetik bestera, minbiziak adingabeen eta beraien familien bizitza hankaz gora jartzen du, eta ohiko ekintzak ospitaleko bisita, froga, tratamendu eta uneoroko zaintzagatik ordezkatzen dira. Ospitale batean egon behar izateak eta tratamenduen ondorio fisiko, emozional eta kognitiboek beraien eguneroko ekintzetan mugak ezartzen dizkie eta desberdin sentiarazi. Familiek adingabearekin batera bizi dituzte egoera hauek eta beraien egoera emozionalean eragina nabaria da”, adierazi du elkarteak.
Ipar Martxaren bidez, minbizia duten haurrei eta haien familiei elkartasuna adierazteaz gain, haien osasun mentala zaintzeko beharra ikusarazi nahi izan zuten, prozesu onkologikoaren fase guztietan: diagnostikoan, tratamenduan, doluan eta gaixotasunaren ondorio posibleen kudeaketan.