Jolastokietako haur parkea itxita egongo da zazpi astez, bertako zorua berritzeko lanak direla eta

Donostiako Udalak Jolastokietako haur parkea berrituko du, eta lanek irauten duten artean, parkea itxita egongo da. Udalak jakinarazi duenez, lanek zazpi asteko iraupena izango dute, eta 54.824,41 euroko aurrekontua.
Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, parkearen zorua berrituko dute. Akabera inprimatutako aglomeratu koloreztatuarekin egingo dute, eta parkeko kautxua ere ordeztuko dute, “bi zoladurak oso hondatuta baitaude”.
Esku hartze hori banku berriak jartzeko ere aprobetxatuko dute, zolatze lanak amaitu ondoren instalatuko direnak. Lanak ostiral honetan hasiko dira.
Esku hartze gehiago parkeetan
Beste lau jarduera ere egingo dituzte datozen asteetan haur parkeetan: Bera Beran, Errotaburuko Orio kalean, Herrerako San Luis Gonzaga plazan eta Ondarretako pasealekuan. “Jolastokietan esku hartze integralagoa egingo da, eta gainerakoetan parkeko segurtasun zoladura bakarrik aldatuko dute”, jakinarazi du udalak.