Lilatoiak zenbakia borobildu du
Jendetsua eta arrakastatsua izan da 35. edizioa, eta eguraldia lagun izan dute parte hartu duten milaka emakumek.

35. Lilatoiak aurreikuspenak bete ditu, beste behin ere. Zenbakia borobildu du Donostiako Atletikok horren ondo zaintzen eta antolatzen duen lasterketak. Partaidetza esanguratsua izan da: 6.200 emakumek eman zuten izena eta 5.322 iritsi dira helmugara. Marea beltza osatu arren, koloretsua izan da ohiko giro paregabearekin. Irabazleez harago, bost kilometroko ibilbide eguzkitsua azkar, bizi zein motel egin duten emakumezko guztiak izan dira protagonistak.
Lilatoia abiatu aurretik, ohiko zumba saio jendetsua egin dute Bulebarreko kioskoaren inguruan. Gorputza berotu eta dantzan jarri ondoren, irteera izan dute abiapuntu eta jomuga. Lehendabizi, esku bizikletarekin parte hartu duten bi emakumeak atera dira, 10:25 inguruan. Korrikalariak, berriz, bost minutu beranduago: 10:30ean. Irteerako giroa, bigarren urtez jarraian, Sara Ibarguren Etxeberria eta Andrea Bosch Alfaro IRUTXULOKO HITZAko kazetariek jarri dute. Ederki aritu dira esatari lanetan, lasterketan eta sari banaketan.
Bestelako zenbakiei erreparatuz gero, Alkizako Itziar Ibarbia Urrutia izan da azkarrena (18:33). Ane Arrieta Ansa donostiarra bigarren (18:39) —gazte onena ere bera izan da—, eta Arrigorriagako Maria Delgado Gil hirugarren (18:48). Esku bizikleten kategorian, berriz, Natalia Garcia izan da onena (16:54).
Argazki bilduma ederra osatu du Joseba Parron San Sebastian argazkilariak:























































































































































