Loiolako osasun zentroa berritzeko eta irisgarritasuna bermatzeko eskatu dute

40 urte baino gehiago ditu Txomiñenean dagoen Loiolako osasun zentroak. Loiola, Txomin eta Martuteneko 10.000tik gora bizilagunei zuzenduriko anbulatorioa da, eta “zeharo zaharkitua” dago. Hori dela eta, herritarrak mobilizazioak egiten ari dira, eta atzo osasun etxearen aurrean elkarretaratu ziren.
Anbulatorioa “berritzearen eta irisgarritasuna bermatzearen alde” agertu ziren. Izan ere, etengabe hazten ari diren auzoei arreta emateko “zaharkitua eta txikia da, bizilagunak boskoiztu egin baitira”. Zehaztu dutenez, udalak aurkeztutako hirigintza plan orokor berriaren arabera, Martutene %98 haztea aurreikusten dute eta egungo kuartelen lurretan eraikiko dituzten etxebizitzekin Loiolan antzeko zerbait gertatuko da, baina anbulatorio berriaren proiektua duela urte batzuetakoa izanik, ez dakite hazkunde hori guztia aurreikusi ote duen.
Gainera, eraikuntza eta berrikuntza proiektuen artean, gauzatzen azkena izango da Txomiñeneko osasun zentroa, nahiz eta “gehien hazi den auzoetako bat izan”; eta, gainera, azken proposamena lau urteko lanen ondoren “inauguratu berri duten kirol partzela baten gainean kokatu dute”.
Araudia bete gabe
Loiolako osasun zentroak ez du Eusko Jaurlaritzaren araudia betetzen, salatu dutenez: “Paziente pediatrikoek eta helduek gune bera partekatzen dute, eta ez luke hala izan behar. Martuteneko eta Loiolako bizilagunek joan etorriak egin behar dituzte, horrek dakarren gastu, arrisku eta nekearekin. Ez dezagun ahaztu anbulatoriora joaten garela patologiaren bat dugulako: gaixotasuna, adinekoak, minusbaliotasunak dituzten pazienteak, haurrak… Halaber, langile gutxi daude, osasun zentro gehienetan bezala; esaterako, haurrak dituzten familiek pediatra bakarra dute lanaldi murriztuan”.