Santo Tomas Lizeoa, 16. First Lego Leagueren EAEko zortzi irabazleetako bat
Arabako bi talde eta Bizkaiko beste bostekin batera izango da martxoaren 29an Ferrolen jokatuko duten Espainiako finalean.

Larunbatean aldi beran jokatu zuten EAEko txapelketa Donostian, Arrasaten, Bilbon eta Gasteizen. 60 ikastetxetako 1.300 bat ikaslek parte hartu zuten, 170 taldetan banatuta. Hirian, 390 gazte elkartu ziren Deustuko Unibertsitatean, bertan, lehiatu baitziren hamalau ikastetxetako –bederatzi, Gipuzkoakoak eta bost, Bizkaikoak– 46 talde. Egoitza bakoitzeko bi irabazle izan ziren, eta zortzi sailkatuek Espainiako finalean parte hartuko dute, martxoaren 29an Ferrolen. Santo Tomas Lizeoarekin batera han izango dira Barakaldoko Errekatxo, Gernikako San Fidel Ikastola, Bermeoko Jesusen Bihotza, Bilboko Berrio-Otxoa Ikastetxea eta Jesus Maria Ikastetxea, Gazteizko Urkide eta Elburgoko Tecnoclub.
Aurtengo erronka ozeanoen esplorazioa izan da. Hortik abiatuta, berrikuntza proiektu bat garatu behar izan dute aparteko irtenbideak proposatuz. Besteak beste, erronketako batzuk izan dira: urpekarientzat seguruagoa eta iraunkorragoa den jantzi ekologiko baten diseinua, material biodegradagarriekin egina eta deskonpresio gaixotasunaren arriskuak murriztea ahalbidetuko duena, itsas lorategietan oinarritutako proiektu bat itsas hondoko floraren degradazioa konpontzeko, Lemonizko zentral nuklearra eta haren itsas ingurunea berrerabiltzea, itsas hondoa esploratzeko zuzeneko ikerketa-zentro bat sortzeko edota urpeko komunikazio kit bat. Horrez gain, parte hartu duten 2.800 ikasleek taldean egin dute lan, eta robot bat diseinatu, eraiki eta programatu dute. Robotak ahalik eta misio gehien gainditzen saiatu behar izan zuen finalean, gainerako robotekin lehian.
Espainiako finalean ere beren berrikuntza proiektuak aurkeztuko dituzte, eta lantaldeen robotek lehian jardungo dute apirilaren 16tik 19ra bitartean Houstonen (AEB) aurrera eramango duten munduko finalerako txartela lortzeko.
EAEn, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak torneoa antolatu du Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean.