Txuri Urdineko neskak finalean daude jada
Puigcerda finalerdietan kanporatu ostean, Majadahondaren kontra ariko dira donostiarrak.

Txuri Urdineko neskek finalerako txartela lortu zuten larunbatean, Puigcerda ahul baten aurka finalerdietako bigarren partida ere irabazita (4-0) —hirugarren neurketa ez zen beharrezkoa izan—. Talde katalanak baja asko izan zituen partidari begira eta Irene Senacen neskek lehen minututik aurre egin ahal izan zioten horri. Donostiarrek lan bikaina egin zuten, baina funtsezko pieza Haizea Fernandez izan zen. Berak partidaren hat-trick-a sartu zuen. Gainera, Ainhoa Salillas atezaina ez zen oharkabean pasatu, hutsean utzi baitzuen atea. Finalerdiak gaindituta, Majadahondaren kontra ariko dira finalean. Gogoratu behar da ligako fase erregularra irabazi zutela madrildarrek. Hain zuzen ere, finaleko lehen bi partidak Madrilen jokatuko dituzte, datorren asteburuan. Finaleko fasean bostetik hiru neurketa irabazi behar dira kopa altxatzeko.
Txuri Urdineko mutilek, berriz, ligako fase erregularreko azken partida jokatu zuten Anoetako izotz pistan. Tito Marcelinoren taldeak gertu izan zuen garaipena, baina galdu egin zuten Portoren kontra (2-3). Horrela ere, ligako titulurako kanporaketak jokatuko dituzte. Finalerdietako lehen norgehiagoka larunbatean, martxoaren 1ean, jokatuko dute Jacan. Ez da arerio erraza izango.
Eskubaloian, Bera Berako neskek, ahal den neurrian, porrot polit bat lortu zuten, Alemaniako Flamesen kontra (29-31). Lehen aldiz lortu zuten Gaskako sarrera guztiak agortzea. Hala ere, Europa ligako final-laurdenetan ariko dira, eta Alemaniako beste talde bat izango dute zain: Blomberg-Lippe.
Futbolean, Realak ez du Europako postuetatik aldendu nahi eta hala erakutsi zuen atzo gauean. Imanol Alguacilen mutilak Leganes arerioa baino gehiago izan ziren partida osoan zehar (3-0). Zakharyanek, Kubok eta Olasagastik magia egin zuten euren golekin. Txanponaren beste aldea Aguerd atzelariaren lesioa izan zen, zelaitik erretiratu behar izan zuelako. Zakharyan ere aldagelan geratu zen, giharretako minarekin. Hurrengo bi asteetan Real Madrili eta Manchester Unitedi erakutsi behar diete hurrengo fasera igarotzeko txartela zaila izango dutela.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Celtari irabazi zion partida parekatu batean, eta azkenean donostiarrak izan ziren garaipena lortu zutenak (65-59). Jardunaldi honen ostean, zortzi partida bakarrik geratzen dira emakumezkoen ligako fase erregularra amaitzeko. Garaipen hau oso garrantzitsua izan zen Azu Muguruzaren neskentzat.
EMAITZAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako titulurako kanporaketa, finalerdiak
- Txuri Urdin 4 – Puigcerda 0
Gizonezkoen iberiar liga, azken jardunaldia
- Txuri Urdin 2 – Porto 3
Eskubaloia
Europa ligaren multzoen fasea, 6. jardunaldia
- Bera Bera 29 – Flames 31
Futbola
Gizonezkoen liga, 25. jardunaldia
- Reala 3 – Leganes 0
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Ibaeta Basket 65 – Celta 59